'Zumaia ezagutzen' heziketa programa martxan da
Zumaiako ikasleak udalerria ezagutzeko heziketa programan murgiltzear daude. Urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dira, gizakiak ingurumenaren gainean sortzen duen eragina hausnartu eta ohitura onak bultzatzeko helburuarekin.
‘Zumaia ezagutzen’ Zumaiako Udalaren laguntzaz garatutako ingurumen heziketa programa da. Programa horretan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak eta DBHko 1go eta 2. mailako ikasleek hartzen dute parte eta Zumaiako Institutuak, Zumaiako Herri Eskolak, Maria eta Jose ikastetxeak eta Oikiako Herri Eskolak hartzen dute parte. Guztira 400 ikasle inguruk parte hartuko dute, eta programaren garapena Arazi IKT enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.
Lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleekin ‘Denboraren bila’ ikas unitatea landuko dute. Ikasleek Zumaiako historian bidaiatuko dute, Zumaiak hiri gutuna lortu zuenetik gaur egun arte, beti ere, ingurugiroarekiko arreta berezia edukiz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera hori burutzeko, hasiera ikasgelan bertan ematen zaio girotze saio baten bitartez. Bigarren elkargunea Kofradian izango da, eta bidai historiko hori berregingo dute taldeka frogak gaindituz.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ‘Argazki rallya’ landuko dute. Unitate horretan, Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutzera ematen da. Jarduera hori talde lanean burutuko da. Ikasleak argazki zaharrak eta berriak erabiliz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Argazki berriak ateratzearen arduradunak, baita leku horiei buruzko dokumentazioa aurkitzearenak ere ikasleak beraiek izango dira.
Hirugarren unitatea ‘Zumaia eta Artea’ da, DBHko lehenengo mailakoentzako da hori. Jarduera horretan Zumaiako eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte. Jarduerak puntu desberdinak ditu. Lehenengo, Zumaiako historiaren azalpen teoriko bat emango zaie. Ondoren, ikasleak taldeka eraikin desberdinak aztertuko dituzte, historikoki izan duten garrantzia eta arte mailan dituzten ezaugarriak ikusteko. Eta, azkenik, bigarren saio batean, Zuloaga museoaren bisita gidatua burutuko dute.
Azkenik, DBHko 2. mailako ikasleek landuko duten unitatea ‘Ontzigintza Zumaian’ da. Ikas unitate horretan, Zumaiako herrian ontzigintzak izan zuen garrantzia, eta gaur egungo egoera aztertuko dituzte. Lehen partean, Zumaiako ontzigintzaren historia kontatzen da liburuxka baten bitartez eta diapositiba saio batekin. Ondoren, Astilleros Balentziaga S.A. ontziolara bisita egingo dute, aurretik ikasgelan sortu zaizkien dudak argitzeko asmoz.
‘Zumaia Ezagutzen’ programa lau ikasturtetarako dago prestatua, eta lau ekintzak garatuz, herriko ikuspegi orokorra barneratzea lortzea du helburu.



