Herriak bizi duen bilakaera aztergai 'Zumaia ezagutzen' programaren bidez
Zumaiako Udalak bultzatuta, jarduera honen helburua da herriaren sorrera eta ingurunearen garapena aurkeztu eta ikasleek ingurumenaren gaineko jarrera arduratsua bereganatzea da. Urtarrila eta otsaila bitartean garatu ohi da programa.
Zumaiako Udalak herriak ezagutu duen bilakaera historikoa eta gordetzen duen ondarea ezagutarazteko asmoarekin, Zumaia ezagutzen heziketa programa sustatzen du. Proiektu honetan Zumaiako Herri Eskola, Maria eta Jose Ikastetxea, Oikiako Herri Eskola eta Zumaiako Institutuko 400 bat ikaslek eta irakasleek parte hartzen dute. Aurreko urteetan bezela, proiektuaren garapenaz Arazi-ikt enpresa arduratuko da.
Lau egitarau
Jarduera honen helburua, herriaren sorrera eta ingurunearen garapena aurkeztea da, ikasleek ingurumenaren gaineko jarrera arduratsua bereganatu dezaten. Zumaia ezagutzen proiektua lau egitarauz osatzen da eta egitarau bakoitza adin tarte bateko ikasleentzat egokituta dago. 'Denboraren bila', Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat; 'Argazki Rallya', Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat; 'Zumaia eta Artea'; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1go mailako ikasleentzat; eta 'Ontzigintza', Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat. Modu honetan, herriaren ikuspegi orokorra ematen da lau ikasturteetan zehar.
Denboraren bila
Ikasleek Zumaiako historian bidaia bat egiten dute, beti ere, ingurugiroari arreta berezia jarrita. Bidaia hau egiteko hainbat froga gainditu behar dituzte. Bidaia, Zumaiaren sorrerarekin hasten da, San Pedro elizan, eta alkateari eskutitz bat idatzita amaitzen da. Eskutitz honetan adierazten dute nolakoa zen Zumaia eta beraiek etorkizunean nolakoa izatea nahi duten. Aldi berean, ingurumenaren arazoen inguruan irtenbideak proposatzen dituzte.
Argazki rallya
Zumaiako herriak azken ehun urtean izan dituen aldaketak eta horien zergatiak aztertuko dituzte. Zumaiako historian ingurumenak jasan dituen aldaketak ezagutzea da helburua, baita ikasleen artean talde lana sustatzea eta etxean nahiz eskolan historiari buruzko eztabaida piztea ere.
Zumaia eta Artea
Jarduera honetan Zumaiako eraikin esanguratsuenak aztertzen dira. Jarduerak puntu desberdinak ditu. Lehenik Zumaiako historiaren azalpen teoriko bat ematen da. Ondoren, ikasleak taldeka hainbat eraikin aztertzen dituzte, historikoki izan duten garrantzia eta arte mailan dituzten ezaugarriak. Azkenik, bigarren saio batean, Zuloaga museora bisita gidatua egiten da.
Ontzigintza
Unitate honen helburua ontzigintzak Zumaian izan duen garrantziaz jabetzea da. Jarduera hiru zatitan banatzen da. Lehenengo zatian ontzigintzaren historia azaltzen da liburuxka baten bitartez eta diapositiba saio batekin. Bigarren zatian "Astilleros Balenciaga S.A."n egindako itsasontzi baten bideoa ikusten da. Azken zatian, "Astilleros Balentziaga S.A." ontziolan bisita gidatua egiten da, eta bertako langileei galderak egiteko aukera egoten da.
Argazkian, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak.
Urtarrila eta otsaila bitartean garatuko dira herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza hauek, gizakiak ingurumenaren gainean sortzen duen eragina hausnartu eta ohitura onak bultzatzeko helburuarekin.



