'Zumaia ezagutzen' programan 413 ikaslek hartu dute parte

2012/03/27

Urtez urte, herriko ikasleei Zumaiaren bilakaera, historia eta ondarea ezagutarazteko egiten da heziketa programa.

 

Zumaiako Udalak herriaren bilakaera historikoa eta gordetzen duen ondarea ezagutarazteko asmoarekin, 'Zumaia ezagutzen' heziketa programa sustatzen du. 2011-2012 ikasturtean Zumaiako Herri Eskola, Maria eta Jose Ikastetxea, Oikiako Herri Eskola eta Zumaiako Institutuko 413 ikasleren partehartzearekin proiektua burutu da. Aurreko urteetan bezela, proiektuaren garapenaz Arazi-ikt enpresa arduratu da.

Jarduera honen helburua, herriaren sorrera eta ingurunearen garapena aurkeztea da, ikasleek ingurumenaren gaineko jarrera arduratsuak bereganatu dezaten. Proiektua lau egitarauz osatzen da eta egitarau bakoitza adin tarte bateko ikasleentzat egokituta dago. “Denboraren bila”, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat; “Argazki Rallya”, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat;  “Zumaia eta Artea”; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1go mailako ikasleentzat; eta “Ontzigintza”, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat. Modu honetan, herriaren ikuspegi orokorra ematen da lau ikasturteetan zehar.

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin burutzen den ekintzari amaiera emateko, herriaren egoera hobetzeko gutunak idatzi eta alkateari bidaltzen zaizkio. Gutun hauei erantzuna emateko, Zumaiako alkatea herriko 98 ikaslekin elkartu da eta herriaren egoeraren inguruan solastu dira. Horrela, mugikortasuna, hondakinak, biodibertsitatea eta antzeko gaien jarraipena egin da, etorkizunera begira Zumaiaren egoera hobetzeko helburuarekin.