Zumaia herri kardiobabestua da dagoeneko

2017/12/07

Kirol instalazioetan 3 desfibriladore daude jarriak eta orain, prebentzio eta segurtasun neurri gisa, suspertze-gailu berria ezarri da udaltzaingoaren autoan. Herritarren osasuna eta ongizatea ardatz, Udalaren helburua da larrialdi egoera bati aurre egiteko baliabideak herritarren eskura jarri eta haien segurtasuna bermatzea.

Gaur egun Zumaiak 3 desfibriladore ditu herriko kirol eraikinetan banatuta: Lubaki kiroldegiko lehen solairuan, futbol zelaiko aldageletan eta Aitzuri pilotalekuan, hain zuzen.

Oraingoan, aldiz, herritarren osasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta, urrats bat gehiago egin nahi izan du Udalak eta suspertze-gailu berria jarri du udaltzaingoaren auto batean, Zumaia herri kardiobabestua bilakatuz eta larrialdi kasuetan erantzun azkarragoa ematea ahalbidetuz.

Izan ere, norbaiti bihotza geratzen zaionean desfibriladoreena da erantzunik eraginkor eta azkarrena. Horrelako larrialdi kasuetan, gainera, garrantzitsua da, lehenbailehen, 4-5 minututan, desfibrilazioa aplikatzea bihotza gelditu zaion pertsonari.  Beraz, bihotz gaitzak premiaz artatu behar direnez, ezinbestekoa da horiek herriko puntu klabe edota jendetsuenetan kokatzea. “Desfibriladore horiek, larrialdi kasuetan erantzun azkarragoa ematea ahalbidetuko dute, eta hori da hain zuzen Udalaren helburua, larrialdi egoera bati aurre egiteko baliabideak herritarren eskura jarri eta guztien segurtasuna bermatzea”, amaitu dute Udaletik.