Zumaia pintadez josita

2018/06/06

Udal gobernuak aipatu ekintzak gaitzetsi ditu berriro eta guztionak diren eremu publikoak eta eremu pribatuak errespetatuak izan daitezen eskatu du.

Asteburuaren ostean pintadez josita agertu dira Zumaiako espazio publiko zein pribatuak. Pintaketa horiek, hain zuzen, Altsasun gertatutakoaren eta bertako gazte inputatuen sententziaren komunikatuaren harira egindakoak dira.

Zumaiako udal gobernua ez dago ados gazteei ezarritako sententzia eta zigorrarekin, baina hori horrela izanik ere, ez dator bat desadostasuna azaltzeko egindako pintadekin eta horien harira, azken egunotan udaletxean herritarren kexa ugari jaso direla gaineratu du.  

Arrazoi horregatik, beste behin pintadak gaitzetsi eta guztionak diren eremu publikoak eta noski, baita pribatuak ere, errespetatzea eskatu du. Zumaiako udal gobernuak errespetuaren eta bakearen aldeko apustua egiten du elkarbizitzaren oinarrizko printzipio gisa eta, horregatik, horrelako ekintzak eta jarrerak albo batera utz ditzatela eskatu die, berriz ere, egileei.