Zumaia Zu aldizkariaren ondoren, webgune berria aurkeztu du Udalak

2009/05/14

Zumaiako Udalak www.zumaia.net webgune berria aurkeztu du gaur (osteguna) udaletxean egindako ekitaldian. ‘Zumaia Zu’ aldizkariarekin abian jarritako komunikazio planaren barnean kokatu dute udal ordezkariek webgune berria.

 

Iñaki Agirrezabalaga alkateak azaldu duenez, bi norabide jorratu nahi ditu webgune berriak: “batetik, herritarrei udal informazioaren berri emateko bidea izango da, baina bestetik, herritarren hitza jasotzeko ere balioko du”.

Aldizkariaz gain, Udaleko komunikazio arduradunak elikatuko du webgunea. Horrekin, bi euskarrien arteko “koordinazioa” lortuko da, eta batak bestea elikatuko du. Alkatearen hitzetan, “abian jarritako komunikazio planarekin hori lortu nahi genuen, genituen baliabideak hobeto aprobetxatzea. Lehen baliabide bakoitza kanpoko enpresek kudeatzen ziguten eta orain Udalean dagoen pertsonak koordinatu eta elikatzen ditu”.

“Ahalik eta webgunerik erabilgarriena egitea zen gure asmoa” azaldu du Andoni Etxaniz zinegotziak. Horretarako, lau atal nagusitan oinarritu dira:

Zumaian Bizi: herritarrek behar duten informazio praktikoa.

Turismoa: Lehen www.zumaiaturismo.com helbidea zuen. Orain, turismoko orria ere zumaia.net helbidearen barruan sartzea erabaki da, bi sailak, “txapel edo marka” baten barruan azaldu eta indartzeko asmoarekin. Bilatzaileetan ere hobeto lerrokatzea ekarriko du horrek.

Udala: Udaleko informazioa izango da atal honetan erakutsiko dena. Udal zerbitzu telematikoetarako sarbidea ere izango dute herritarrek, eta horien artean, zerbitzu berri bat eskainiko zaie: errolda agiria internetez jaisteko aukera.

Zumaia Zu: Herritarrek parte-hartzeko bidea izango dute atal hau. Kexa, iradokizun edo eskerrak emateko, aldizkaria kontsultatzeko... Edota baita webgunea hobetzen laguntzeko ere. 

 

Albisteetara harpidetzeko aukera

Lau atal nagusi horiez gain, albistegia eta agenda ditu atari berriak. Horri lotuta, albisteetara harpidetzeko aukera azpimarratu du Etxanizek. Posta bidez, herritarrek webguneko albisteak jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, atal berriak ere iritsiko direla aipatu du zinegotziak: “hau hasiera baino ez da, aurrerantzean ere, indartzen, elikatzen eta sortzen jarraitzeko asmoa dugu”.  

Codesyntax enpresa izan da teknikoki webgunea diseinatu duena eta azaldu dutenez, perfil desberdinei erantzuten dion webgunea eskaini nahi izan dio Udalak herritarrei. “Informazioa era errazean ulertu eta aurkitzen laguntzen du diseinuak, eta irisgarritasun eta erabilgarritasun legeetan dago oinarrituta”, aipatu du Josu Azpillaga Codesyntax enpresako kideak. Atari berriak bi funtzio dituela gaineratu du: "batetik, herritarrei zerbitzuak eskaini nahi zaizkie, informazio praktikoa eman, eta bestetik, kanpotarrei herriaren ikuspegi erakargarria eskaini nahi zaie”.

 

"Webgune dinamikoa eta irekia"

“Webgune dinamikoa eta irekia” izango dela azaldu du Azpillagak, “etengabe hobetzeko asmoa duena”. Horretarako, eskaintzen dituen funtzioen balioa neurtu egingo da, bai herritarrengandik zuzenean jasotzen dituzten proposamenekin, eta baita estatistikak erabilita.

Software librean oinarrituta dago atari berria eta ildo horretatik, Codesyntax enpresak Zumaiako Udala zoriondu egin du aukeraketa hori egiteagatik. Azpillagak azaldu duenez, Europako beste hainbat udaletxe eta administraziotan ere software librearen aldeko apustua egiten ari dira. Bere ustez, “abantaila ugari” ditu: “nahiz eta webgune berria Codesyntax-ek sortu duen, kode guzti hori Udalarena da osorik, eta ez beste enpresa batena.

Agirrezabalagak eta Etxanizek eskerrak eman nahi izan dizkiete webgune berria egiteko ahaleginetan ibili diren Eregi eta Codesyntax enpresei. Ildo beretik, eskerrak eman dizkiete, baita ere, webgunea definitzen lagundu duten zumaiar kazetari, informatikari, zein gainerako herritarrei.