Zumaia.eus gara hemendik aurrera
Gaur, beste ia 1.300 webgunerekin batera, zumaia.eus izatera pasatu da Udalaren webgunea.
Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna, Zumaiako Udalaren webgunea zumaia.eus izatera pasatu da. Udaleko helbide elektroniko guztiak ere .EUS izango dira gaurtik aurrera. Hala ere, epe batean orain arteko helbideak aktibo egongo dira.
Gaur, abenduak 3, .EUS izatera pasatuko gara ia 1.300 webgune. Euskararen Egunetik aurrera, inoiz baino ikusgarriagoa izango da euskara eta euskal komunitatearen presentzia Interneten, eta Zumaiako Udalak ere bere aletxoa jarri nahi du euskara munduan kokatzeko eta etorkizunarekin lotzeko.
Interneteko euskararen komunitatea kohesionatzeko sortu da.EUS domeinua, eta hizkuntzaren normalizazioan lagundutzea du helburu. Aldi berean, Interneten euskara beste hizkuntzen mailan kokatuko du domeinu berriak, euskararen herriari nazioarteko aitortza eskainiz. Horregatik erabaki du Udalak ere zumaia.eus izatea.



