Zumaiak bat egingo du II. Mugiment Pausu Erronkarekin

2026/04/16

Parte hartzaileek egunean emandako pauso kopurua erregistratu beharko dute aplikazio bidez maiatzaren 11tik 31ra. Udalerri, norbanako eta talde onenaren sariak banatuko dituzte hil bukaeran. Jarduera fisikoa areagotuta, osasun fisiko eta emozionalean onurak lortzea da helburua.

Jarduera fisikoa sustatzeko II. Mugiment Pausu Erronkarekin bat egingo du Zumaiak. Maiatzaren 11tik 31ra bitarte iraungo du erronkak, eta tarte horretan, parte hartzaileek egunean emandako pauso kopurua erregistratu beharko dute aplikazio bidez. Hil bukaeran, udalerri onenaren sariaz gain, norbanakoen eta taldeen sariak banatuko dituzte.

Helburua da jarduera fisikoaren bitartez osasun fisiko eta emozionalean onurak lortzea. Aplikazio bidezko ekimen irekia da, doakoa, eta 14 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu dezakete. Horretarako, nahikoa da aplikazioa deskargatzea eta norberaren udalerriko taldean izena ematea. 

Ekimena iaz jarri zen martxan lehen aldiz orientazio zerbitzua duten udalerrietan ohitura aktiboak sustatzeko baliabide berri gisa, eta iazko esperientzia positiboa eta gero, bultzada ematen jarraitu nahi dute.  

Wellk aplikazioaren bidez

Izena emateko, parte hartzaileek Wellk aplikazioa deskargatu beharko dute, erregistratu, eta beren talde edo herrian izena eman. Horretarako argibide guztiak helbide honetan topa daitezke.