Zumaiak Braderie azoka ospatuko du asteartean

2018/07/27

Merkatari elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako "Braderie: dendak kalean" merkatua egingo da uztailaren 31n.

Datorren asteartean, hilak 31, Zumaiak Braderie: dendak kalean merkatua ospatuko du. Horren baitan, Zumaiako merkataritza eta ostalaritza elkarteko 10 kidek euren produktuak jarriko dituzte salgai denda kanpoan, goizeko 10:00etatik 20:00etara. Aipatu eguna, beraz, erosketak egiteko aukera bikaina izango da herritarrentzat.  Edonola ere, hilaren 30ean zein 31n, trikitixa kalejirak ere arituko dira herriko kaleak girotzen.

Udako merke azoka Udalak eta merkatari elkarteak antolatu dute elkarlanean, tokiko merkataritza indartu eta honi bultzada bat emateko xedez. Udalak herritar guztiak animatzen ditu azoka berezi horretan parte hartu eta bertako produktuez gozatzera.

Hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Xumai kirol denda, Pauma ume denda, Ana arropa denda, Olaizola jantzi denda, Sorginak zapata denda, Kuttun lentzeria, Arruti arropa denda, Marisa oinetakoak, Eli parafarmazia eta Kulun-k zapata denda.