Zumaiak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du aurten ere

2018/11/13

Azaroaren 25aren bueltan egitarau zabala prestatu dute Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak, tailerrak, erakusketa, hitzaldiak, autodefentsa ikastaroa eta aurtengoan Emakunderen autobusa, Berdintasun Gunea ere izango dugu Eusebio Gurrutxaga plazan. Ohikoa den bezala, 25ean bertan elkarretaratzea egingo da 13:00etan Saregileen plazan.

Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren bueltan egitarau zabala antolatu dute Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean. Egitarauaren berri emateko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako nazioarteko egun honekin atxikimendua azaltzeko, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Udalean Kristina Vicente berdintasun zinegotziak, Karmele Gomez berdintasun teknikariak, Zumaiako eskoletako ordezkariak, Zarauzko berritzeguneko ordezkariak eta Berdintasun foroak.

Aurkezpena Kristina Vicente berdintasun zinegotziak hasi du, indarkeria matxistaren inguruko datuak emanez. Jarraian eskoletako ordezkariek eta Zarauzko berritzeguneko ordezkariak Hezkidetza foroaren baitan egun horietan landuko dutena azaldu dute eta azkenik, Berdintasun foroak egitaraua azaldu du.

Datuak eta udal zerbitzuak

Zumaian guztira 20 kasu egon dira, 12 genero indarkeria kasuak dira eta 8, berriz indarkeria domestiko kasuak. 2018an 9 kasu itxi dira eta egun 11 daude exekuzioan, horietatik 7 genero indarkeria kasuak eta 4 indarkeria domestiko kasuak. Deigarria da, egun, 10 pertsonak dutela babes agindua Zumaian.

Udal Gizarte Zerbitzuetan, gizarte langilearen arretaren bidez, gerturatzen diren pertsonei behar duten informazioa ematen zaie biktimari dagokion eskubide eta betebeharren inguruan. Herritarrak azaltzen duten egoeraren balorazioa egiten da, eta dagokion esku hartzea proposatzen zaio behar duen jarraipena eginez. Biktimak azaltzen dituen beharren arabera prestazio eta zerbitzuetara bideratuz. Lehen bai lehen harrera eta arreta integrala eta akonpainamendu zerbitzua eskaintzen zaio. Udal Gizarte Zerbitzuen indarkeria matxistaren kasuei buruz esan dezakegu, 2018. urtean (5 kasu) 2017 eta 2016 (bakoitzean hiru kasu) artatu direla.

Aurreko urteetako datuak errepasatuz aurten 2 kasu gehiago izan ditugula esan dezakegu. Begiratzen badugu, biktimak tratu txarrak eman dizkion pertsonarekin duen harreman mota , bikote harremana dutela esan dezakegu , hau da ezkontidea 4 kasutan %80a eta baten enplegatzailea izan da. Azken datu hau zainketarekin lotutako kasua izanik. Kasu gehienetan biktima eta erasotzailea harreman sentimentala dute eta Zumaian ere EAEko(euskal autonomia erkidegoko) datuekin konparatuz esan dezakegu indarkeri kasu gehienak bikote harremanetan eman direla.

Biktimaren adinari dagokionez esan 25 urtetik 50 urtera dutela ( bi kasu 25 eta 26) biktima nahiko gazteak dira. Bestetik ere, erasotzaileak 33tik 78 urte bitarteko adina badute ere %80 33tik 50 urte bitartera dituzte.

Emakumeak jasan duten indarkeria motari erreparatzen badiogu Zumaiako kasuan, batek indarkeria fisikoa jasan du, beste batek indarkeri fisiko eta psikologikoa, bi emakumek indarkeri psikologikoa eta 5. emakumeak hiru motatako indarkeria jasan izan ditu, fisikoa, psikologikoa eta sexuala.

Indarkeria jasan duten emakumeen jatorria aztertuz ordea esan dezakegu guztiak EAEtik eta Espainia kanpokoak direla. %40 Latinoamerikakoak, beste %40 Afrikakoak eta beste %20 Europako beste herrialde batekoak. Erasotzaileen artean bi EAEkoak dira, 2 afrikar jatorrikoak eta bat Latinoamerikakoa.

5 emakumetik bik bakarrik jarri dute salaketa, hau da, %40ak eta beste %60 ez du nahi izan bikotea salatu. Hasieran aipatu modura Gizarte Zerbitzuetatik kasu guztietan harrera, informazioa eta orientazioa eskaini zaie. Baita ditugun zerbitzuen berri eman ere, bi emakumek laguntza psikologikoa onartu dute eta besteak pentsatuko dutela esan dute.

Hiru kasu urrian artatu dira. Azken bi urteetako kasuak kontuan izan da, 11 kasutik 8 emakumeek jaso dute laguntza psikologikoaren zerbitzua. 4 kasuei laguntza psikologikoaren zerbitzuan itxiera eman zaie eta beste bi ere udal gizarte zerbitzuetatik itxiera eman zaie.

Amaitzeko, Zumaiako Udalak, indarkeria jasaten duten emakumeak bakarrik ez daudela gogoratu nahi izan du eta animatu nahi izan ditu modu batera edo bestera laguntza eskatzera eta udal gizarte zerbitzuetara zuzentzera.

Azaroaren 25eko egitaraua

Azaroaren 14ean, 18:00etan, Oxford aretoan irekiko den "Gorroto delituak: orientazio sexuala eta genero identitateak" erakusketaren aurkezpenak emango dio hasiera egitarauari. Erakusketa Aldartek antolatu du eta ikusgai egongo da azaroaren 14tik 27ra bitarte.

Azaroaren 15ean Doris Lopez Rodriguez Kolonbiako giza eskubideen defentsarako aktibista izango dugu gure artean. 18:00etan, Oxford aretoko erakusketaren bisita gidatua egingo digu, gazteleraz eta ondoren, 18:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazako egoitzan (hogarrean), "Impacto de los feminicidios en América latina" hitzaldia eskainiko digu.

Azaroaren 23an, Berdintasun Foroak antolatuta,  Berdintasun gunea izango dugu, Emakunderen autobusa, Eusebio Gurrutxaga plazan egongo da goizez eta arratsaldez. 10:00tik 12:00ra eta 17:00tik 18:00ra herritarrei informazioa emateko irekita egongo da eta nahi duenak bertan sartzeko aukera izango du informazioa jasotzera. Autobusean bertan, 12:00etan, soldadura eskolako ikasleekin tailerra egingo da eta 18:00etan, berriz, haur eta familiei zuzendutako tailerra.

Azaroaren 24ean, Forondan, "Autodefentsa feminista" ikastaroa eskainiko da, euskaraz, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ikastaroaren helburua,  besteak beste, indarkeria egoera eta eraso ezberdinak identifikatzea eta eraso horiei  aurre egiteko estrategiak lantzea izango da. Tailerra, Emagin Elkarteak bideratuko du eta doakoa izango da.

Aurten ere, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean alegia, elkarretaratzea deitu dute Udalak eta Berdintasun Foroak, Saregileen plazan, eguerdiko 13:00etan eta herritar guztiak animatzen dituzte bertan parte hartzera.