Zumaiak ere izan du lekua Fiturren
Gipuzkoako Kostaldeari buruzko standean aurkeztu zuten Zumaiako eskaintza. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea eta Leire Azurza turismo teknikaria ere bertan izan ziren.
Urtarrilaren 20tik 24ra bitartean ospatu zen Madrilen Fitur, turismoaren nazioarteko azoka eta Zumaiak ere izan du ordezkaritza eskaintza turistikoaren nazioarteko erakusleiho honetan. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea eta Leire Azurza turismo teknikaria bertan izan dira herriaren ordezkari gisa.
Gipuzkoako Kostaldeari buruzko standean aurkeztu zuten Zumaiako eskaintza, eta besteak beste, Algorri Interpretazio Zentroa, Zumaiako flysch-a eta Deba eta Zumaia arteko bisita gidatuak ezagutarazi zituzten.
Agirrezabalagaren esanetan, "azoka nazioarteari begirako erakusleiho aparta izateaz batera, hartu-emanetarako eta tokian tokiko eskaintza turistikoak ezagutarazteko gunea ere bada". Ildo horretatik, Fiturreko zuzendari Ana Larrañagarekin hitz egiteko aukera izan zuen alkateak. Zumaia ederki ezagutzen du Larrañagak, oikiarra baita bera.



