Zumaiak kalitate turistikoari buruzko mahai batean parte hartuko du
Ekimenarekin, “kalitatezko kudeaketa eta sistemen ezarpena” bultzatu nahi da. Ildo beretik, ‘Jardunbide Egokien Programa’ ere abian jarriko da martxoan.
Zumaiak Urola Kosta eskualdean egingo den kalitate turistikoari buruzko mahai batean parte hartuko du. Zumaiarekin batera, Orio, Aia, Zarautz eta Getariako udalerriek ere parte hartuko dute ekimenean eta Zarautzek gidatuko du prozesua. Zumaiako turismo bulegotik jakitera eman dutenez, “ekimenaren bidez, kalitatezko kudeaketa eta sistemen ezarpena bultzatu nahi da”.
Aste hauetan, mahaia osatu eta abian jartzeko urratsak zehazten ari dira, eta aurreikuspenen arabera, datorren hilabeterako abian izango da egitasmoa. Hala, Kalitatearen Turismo Ziurtagiria eskuratu nahi duten erakunde publiko zein pribatuak izango ditu mahaiak solaskide.
‘Jardunbide Egokien Programa’
Ildo beretik, martxoan ‘Jardunbideko Egokien Programaren’ baitako talde berria sortzea du helburu turismo sailak. Ekimen honen bitartez, Turismo Kalitaterako Konpromisoaren ziurtagiria lortzeko formazioa eskainiko zaie bertaratzen diren erakundeei. Martxoan hasiko da ekimena eta deialdia zabalik dago eskualdeko ostatu, jatetxe, turismo bulego, edota interpretazio zentro guztientzako.
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, “gure herriko zerbitzuak kalitatez hornitzea izango da ekimenaren helburua, bai herritarrei begira eta baita kanpotik datozenenei begira ere”.
Interesatuek Zumaiako Turismo Bulegora joanda edota 943 14 33 96 telefonora deituta eman dezakete izena.



