Zumaiak merke azoka ospatuko du asteburuan

2018/02/12

Merkatari elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako outlet merkatua Amaia plazan egingo da otsailaren 17 eta 18an

Datorren asteburuan Amaia plaza milaka deskontuz jositako azoka bilakatuko da zumaiarrentzat. Bertan Zumaia Elkarteko dendek euren produktuak jarriko dituzte salgai, deskontu bereziekin. Asteburua beraz, dudarik gabe, erosketak egiteko aukera bikaina izango da herritarrentzat.

Azoka berezi hori larunbat zein igandean egingo da, goizeko 11:00etatik gaueko 19:00ak bitarte. Egunean zehar Djonen emanaldiak ere izango dira herritar guztiak animatzeko eta 12:00-14:00 bitartean, etxeko txikienek aurpegia margotzeko aukera ere izango dute, Coro Prieto estetika zentroaren eskutik.

Merke azoka Udalak eta merkatari elkarteak antolatu dute elkarlanean, tokiko merkataritza indartu eta honi bultzada bat emateko xedez. Udalak herritar guztiak animatzen ditu azoka berezi horretan parte hartu eta bertako produktuez gozatzera.

Hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Coro Prieto estetika zentroa, Gofi, JS Make-up estetika, Kulun.K, Oskarbi kirolak, Pauma, Rose Quartz, Sorgiñak, Spot eta Xumai kirolak.