Zumaiako 25.Musika Festa aurkeztu dute gaur (osteguna) Donostian
Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu dute jaialdia, Debako, Zarauzko eta Zumarragako jardunaldiekin batera. Maria Jesus Aranburuk Gipuzkoako ekimen ezberdinak aurkeztu eta urteetan zehar horraino iristeko eginiko auzolana azpimarratu dute.
Gaur, osteguna, aurkeztu dute Zumaiako Musika Jaialdia Donostiako Koldo Mitxelenan. 25. urteurren honen nondik norakoak azaldu dituzte eta ekitaldi esanguratsuenak aipatu. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, "urteurren borobil hau ospatzeko, orain artean Musika Jaialdia antolatzen aritu diren guztiei omenaldia egingo diegu, Udalaren esker ona adierazi asmoz". Ekitaldi horretan, gainera, San Pedro abesbatzak eta Zumaiako Musika Bandak elkarrekin emanaldia eskainiko dutela iragarri du Agirrezabalagak.
Horrez gain, ekitaldi ugari izango da aurtengo musikaldian. Donostiako Orfeoiak, esaterako, zumaiarrak bisitatuko gaitu abuztuaren 8an eta abuztuaren 12an eskainiko dute beste emanaldi esanguratsu bat. Egun horretan ariko dira Dido&Eneas taldea eta opera bat interpretatuko dute. Zumaiako alkatearen hitzetan "ikusgarria" izango da Dido&Eneas-en emanaldia: "Zumaia bezalako herrietan nekez gozatu daiteke opera batez eta horretarako aukera eskainiko du aurtengo edizioak".
Larunbatean emango zaio hasiera Zumaiako Musika Jaialdiari. The Cherry Boppers taldeak 20:00etan ekingo dio bere emanaldiari Kofradiako plazan. Hortik aurrera, egunez egun, ekitaldi ugari izango da Zumaiako hainbat eremutan.
Herrien arteko "auzolana"
Zumaiako Musika Jaialdiaz gain, Debako, Zumarragako eta Zarauzko jaialdiak ere aurkeztu dituzte gaur Donostian egin den ekitaldian. Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza eta Kultura Diputatu Nagusiak azaldu duenez, herrien arteko "auzolana" dira ekimen hauek: "Udalek, kultura departamenduak, herritarrek eta Aldundiak elkarlanean sortutako ekimenak dira jaialdi hauek eta, beraz, auzolanaren fruitu dira".
Aranbururen arabera, "musika emanaldiez gozatzeko aukeraz gain, herri hauek bisitatzeko aitzakia izango bateko eta besteko eskaintza hau".
Zumaiako 25. Musika Jaialdiaren egitaraua
1, larunbata
The Cherry Boppers. 20:00etan Kofradiako plazan.
2, igandea
San Pedro abesbatza + Zumaiako Musika Banda. 22:30ean Ondartxo plazan.
3, astelehena
Impromptu taldearen kontzertu didaktikoa. 20:00etan Komentuan.
4, asteartea
Joaquin Asiain eta soka laukotea. 22:00etan Komentuan.
5, asteazkena
Garnati Minstrels. 22:00etan Komentuan.
6, osteguna
‘Txatarreria Keaton’ musika eta zinema. 22:30ean Ondartxo plazan.
8, larunbata
Donostiako orfoiea. 21:00etan parrokian.
9, igandea
‘Cartoon Brass’ metal taldea. 20:00etan Mari kalean.
12, asteazkena
Conductus Emsemle ‘Dido & Eneas’. 22:00etan Maria eta Jose aretoan.



