Zumaiako ahotsak sarean

2009/12/02

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten Zumaiako udaletxean ahotsak.com proiektua. "Zumaiako ahozko ondarea eta herri-hizkera jasotzea ditu helburu egitasmoak". Ekitaldian izan ziren proiektu honen baitan elkarrizketatuak izan diren emakume eta gizonak.

 

Zumaiako ahozko ondarea eta herri-hizkera jaso, landu eta zabaltzeko helburuarekin Zumaiako ahotsak webgunea aurkeztu zuten Zumaiako Udalak eta Badihardugu euskara elkarteak. Egitasmo honek gure kulturaren ondare baliotsu hori gordetzeko balioko du, "agortzerik nahiko ez genukeen iturria baita". Ekitaldiaren baitan, omenaldia egin zitzaien orain arte elkarrizketatuak izan diren emakume eta gizonei.

Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu zuenez, "gaur aurkezten ari garen lan hau euskararen aldeko lanean egindako urrats bat gehiago izango da. Udalak hainbat lan egin izan ditu arlo honetan, baina lan horiek osatu eta biltzeaz gain, kontuan izan behar dugu zeinen inportantea den hori zabaltzea".

Asier Sarasua ahotsak.com proiektuko koordinatzailea eta Badihardugu euskara elkarteko lehendakaria da eta bere arabera, "oso garrantzitsua" da herritarrek proiektuan parte-hartzea: "Duela zazpi bat urte sortu genuen Ahotsak proiektua. Aiton-amona eta biloben arteko transmisioan eten bat bazela ikusi genuen eta lekukotasun hori jasotzea garrantzitsua zela ondorioztatu genuen".

Xabier Azkue Zumaiako Udaleko euskara teknikariaren hitzetan, "ez dugu asmatu herriko hizkera zeinen inportantea den transmititzen. Eta alde horretatik, euskarari eusteko deia egingo nieke herritarrei, seme-alabei erakusteko, jasoko duten herentziarik politenetakoa izango delako".

 Ahotsak proiektua

Argazkian, atzoko ekitaldian parte hartu zuten emakume eta gizonak Nerea Epelde Euskara zinegotziarekin (ezkerrean) eta Iñaki Agirrezabalaga alkatearekin batera (eskuinean).

 

2007an abiatutako lana

2007 eta 2008 urteetan lantalde bat aritu zen Zumaiako Udalak eskainitako beka baten bidez herriko adineko jendeari hainbat elkarrizketa egin eta Zumaiako hizkera aztertzen. Aurten, Badihardugu elkarteak eta Zumaiako Udalak sinatutako akordioari esker, beste elkarrizketa batzuk egin eta transkribatu dira. 30 elkarrizketa egin dira dagoeneko, eta zenbait pasarte ikusgai daude www.ahotsak.com/zumaia eta www.zumaia.net helbideetan.

Badiharduguk herriko jende nagusia elkarrizketatu du eta bideoz grabatu ditu elkarrizketak. Horrela, XX. mendeko bizimodua jaso eta gordeko dituen datu-base digitala sortzearekin batera, Zumaiako euskalkia aztertu eta herriko ahozko artxiboa antolatuta geratuko da nolabait.

Aurkezpen ekitaldian Juan Luis Romatetek proiektuaren buruz ekoitzitako bideo bat ikusteko aukera izan zuten eta Jon Maiak bideoaren gidoian parte-hartzeaz gain, bi bertso bota zizkien udaletxeko pleno aretoan bildu ziren herritarrei.

 

Preziatuena ez dugu beti

zilarra edo urria,

hemen daukagun altxor haundi hau

ez al da izugarria.

Zuen ahotsaz gozatzen degu

bihotza eta belarria,

zuek zerate gure hizkuntzak

duen San Juan iturria,

aska zaharra badauka ere

beti dator ur berria (bis). 

 

Urte zailak-e juango ziran

esango nuke zailegi,

baina euskarara egin dezute

zanbulla eta igeri.

Orain barruan dezuten hori

pantailan zaigu ageri

eta gazteok zuen bidetik

aurrera nahi degu segi.

Dakizutena pasatzearren

eskerrik asko deneri (bis).

 

Bihar Euskararen Eguna

 

Bihar, abenduak 3, Euskararen Eguna dela-eta, hainbat ekitaldi izango dira Zumaian. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari-banaketa ere bihar egingo dute, 19:00etan Aita Marin. Euskararen Asteko egitaraua hemen kontsultatu dezakezu.