Zumaiako argiterian hobekuntzak egiteko esleipena abian da

2018/11/16

719.467,52 eurotako aurrekontua duten lan horiek, herriko sare elektrikoa hobetzea eta hainbat argi doitzea, erregulatzea eta ordezkatzea dute helburu,baita herriko puntu beltzei irtenbidea ematea ere, eta horretarako IDAEtik jasotako 504.219 euroko mailegua erabiliko da. Hobekuntza horiekin, energia eraginkortasunean beste pauso bat emango du Udalak argiteriaren kontsumoa jaitsiz eta horrek ekarriko ditu, batetik, aurrezkia eta bestetik, ingurumenari eragindako kalteak gutxitzea.

Aste honetan abiatu da Zumaiako argiterian hobekuntzak egiteko lanen esleipena. 719.467,52 eurotako aurrekontua duten lan horiek 2018ko aurrekontutan jaso ziren eta lan horietarako Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak (IDAE) emandako 504.219 euroko mailegua erabiliko da.

2016an herriko argiteria publikoa hobetzeko helburuarekin, Udalak, honen inguruko auditoretza bat egin zuen eta hori oinarri hartuta eskatu zuen aipatu mailegua. Udalak garatutako eskaerari esker, mailegua onartu zen 2017an, auditoretzan identifikatutako hobekuntzak aurrera eramateko.

Lan horien helburu nagusiak, herriko argiteriaren eraginkortasuna hobetzea eta elektrizitate kontsumoa jaistea dira, baina baita ere, argiteria hobetzea, bereziki herriko puntu beltzei irtenbidea ematea lehenetsiz, herritar guztien segurtasuna eta ongizatea hobetu eta bermatze aldera.

Esleipeneko agiriek jasotzen dituzten helburu konkretu nagusiak, argiteria-instalazioen energia eraginkortasuna hobetzea, kokapena edo antzinatasuna kontuan hartuta, teknikak eta erregelamenduak gomendatzen badute instalazioak berritzea, argi-kutsadura, energia elektrikoaren kontsumoa, atmosferarako CO2 isurpenak eta mantentze-lanen kostua  murriztea, herritarraren ikuspen-erosotasunaren maila hobetzea eta Zumaian behar duten eremuetan argiztapena hobetzea dira. Azken puntu honen helburu nagusia, esan bezala, biztanleriaren, eta bereziki, emakumeen segurtasuna hobetzea da. Era honetara, emakumeek autonomia eta segurtasuna sentitu dezaten inolako erasorik ez jasateko, eta herritarrek berdintasunez Zumaiako espazio publikoez gozatzeko aukera izan dezaten.

Esleipen prozedura amaitzean, lanei ekingo zaie eta lan horiei esker, herriko energia kontsumoa murriztuta, aurrezki ekonomiko bat lortzeaz gain, ingurumenari eragindako kalteak gutxituko dira eta gainera, herritarren erosotasuna eta segurtasuna ere hobetuko dira.