Zumaiako Berdintasun Foroa eratzeko batzar irekia egingo da maiatzaren 19an Udaletxean

2010/05/14

Zumaiako I. Emakume eta Gizonen Berdintasun Planari jarraipena egitea izango da Foro honen helburu nagusia. Herritar orori zabalik dago batzarra eta herriko eragile desberdinen parte-hartzea lortu nahi da.

 

Zumaiako Berdintasun Foroa eratzeko batzar irekia egingo da maiatzaren 19an Udaletxean. Emakume eta Gizonen Berdintasun Plana bukatu berri du Zumaiako Udalak, eta nahi duenak, eskuragarri du behin betiko dokumentua Udaleko web orrialde honetan, hemen zehazki. Plan hau, pasa den urrian Udalak martxan jarri zuen prozesu parte-hartzailearen emaitza da. Hemendik aurrera, behin Plana bukatuta dagoela, hurrengo lau urteetan hainbat ekintza burutuko dira, bai Udal barruan eta baita herri mailan ere.

Hasitako ibilbide horri bultzada eta jarraipena emateko asmoarekin, Berdintasun Foroa eratzen ari dira orain herrian. Foro hau zumaiar guztiei zabalik dago eta Planaren sustapenean herriko eragile desberdinen parte-hartzea du helburu nagusitzat.

Parte hartzeko gonbitea

Foroaren eraketarako lehenengo pausuak emateko, datorren asteazkenean, maiatzak 19, arratsaldeko 19:00etan, batzar bat egingo da udaletxean. Berdintasun Foroaren helburuak eta funtzionamendua definitzea izango da batzar honen egitasmoa  eta bertan parte hartzeko interesa duten guztiei gonbidapena luzatzen die Zumaiako Udalak.