Zumaiako Eguneko Zentroa ezagutarazteko hitzaldia eskainiko dute urriaren 16an

2009/10/08

Hitzaldira joateko asmoa dutenek, Eguneko Zentrora edo Brankara deituta eman beharko dute izena.

 

Zumaiako Adineko pertsonen Eguneko Zentroa herritarrei gerturatu eta zerbitzu honi buruz informazio sakonagoa emateko asmoz, hitzaldi bat antolatu dute Eguneko Zentroan bertan. Urriaren 16an izango da hitzaldia, 18:00etan. Horrez gain, ateak irekita izango dira herritarrek zentroa ezagutu dezaten.

Hitzaldian honako gaiak landuko dituzte, besteak beste: zer da adineko pertsonen Eguneko Zentroa?, zer dira bertan lantzen diren helburuak?, zentroan egiten diren aktibitateak, nori zuzenduta dagoen, eta adineko pertsonengan dituen onura psikologiko eta sozialak. Horrez gain, Eguneko Zentroari buruz dauden aurreiritzi negatibo eta sentimendu kontrajarriak (kulpa sentimendua, abandonu sentimendua) ezabatzea izango da hitzaldiaren helburuetako bat.

Hitzaldiaz gain, eta zentroa ireki zela bosgarren urteurrena ospatzeko, festa txiki bat egingo dute goiz partean. Familiartekoak, zinegotziak eta gizarte langileak gonbidatuko dituzte elkarrekin egingo duten luntxera.

 

Izen-ematea


Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, eskertuko dute hitzaldira joan behar dutenek aurrez izena ematea, horrela jendearen asistentzia konfirmatu ahal izango dutelako. Horretarako Eguneko Zentrora (943 860294) edo Branka, Gizarte Zerbitzuen Zentrora (943 862200) deitu beharko da.

Apirileko Zumaia Zu aldizkarian egin genuen Zumaiako Eguneko Zentroari buruzko erreportajea.