Zumaiako emakume gazteen %10,9 jazarpen baten biktima izan da noizbait

2009/07/07

Herritarrek ikusgai dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Diagnosiaren behin betiko emaitza Udalaren webgunean.

 

Joan den urteko azaroan abiatu zen Udalak bultzatutako Zumaiako Emakumeen eta Gizonen Berdintasun diagnosia. Hilabeteetako lan mamitsuaren ondoren, herritarrek ikusgai daukate diagnosiaren behin betiko emaitza Udalaren webgune honetan, hemen.

Joan den astean aurkeztu zuten Branka Gizarte Zerbitzuen zentroan prozesuak emandako emaitza eta datu esanguratsuenak aipatu zituzten. Fondo Formación Euskadi izan da Udalak eskatuta diagnosia gauzatu duena eta bertako kide Itsasne Loroñok azaldu duenez, diagnosiari esker, tresna desberdinak identifikatu dira aurrera begirako bideak egin ahal izateko. Horretarako hainbat esparru aztertu eta datu ugari jaso dira. 

Desberdintasunak datutan

Lanari dagokionez, udalerriko emakumeen okupazio tasa %68,4koa den bitartean, gizonezkoena %85ekoa da. Hori gutxi balitz, “desberdintasun adierazgarriak” ikusten dira soldatari dagokionean: “800 eurotik beherako pertsonen %83,2 emakumeak dira; aldiz, 1.500 eurotik gorako soldata jasotzen dutenen artean emakumeak %27,5 dira”.

Indarkeriari buruzko datuak ere plazaratu dituzte, esaterako Zumaiako biztanleriaren %10,3 emakumeen kontrako indarkeria motaren baten testigu izan da noizbait. Herriko emakumeen %3,4a jazarpenaren biktima izan da, %1,5 erasoren batena, %3,4k ukituak jasan ditu eta %7,5ak izaera sexistako irainak. Loroñok gaineratu duenez, “aipagarriak” dira gazteen artean (16-25) jaso diren emaitzak: %10,9 jazarpen baten biktima izan da eta %10ak ukituak jaso ditu.

Diagnosia osorik hemen kontsultatu daiteke.

Azterketaren ondoren, Berdintasun Plana

Azterketa honetan oinarrituta, orain Udalak Berdintasun Plana abiatzeko asmoa du. Udalak aurrera ateratzen dituen egitasmoetan diagnostikoan oinarritutako irizpideak sartzea izango da helburua, esan du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Hirigintza alorrean, esaterako, herriko puntu beltzak edo seguruak ez direnak hobetu ditzake Udalak. Loroñok azaldu duenez, herritarrei galdetu zaienean honako eremuak aipatu dituzte, besteak beste, ez seguru bezala: Puntanoeta, estazio ingurua eta paolbidea.