Zumaiako Emakumeen Etxearen proiektuaren harira, proposamenak jasotzeko saio irekiak egingo dira

2018/09/20

Lehen saioa datorren hilaren 25ean egingo da, arratsaldeko 18:15ean Alondegian; bigarrena, aldiz, urriaren 23an izango da, toki eta ordu berean. Saio horien helburua da Emakumeen Etxearen definizioa herritarrekin batera osatzea: kokalekua, funtzionamendua, kudeaketa…

Zumaiako Berdintasunerako II. Planak eta Plan Estrategikoak jasotakoari jarraiki, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean dihardute Zumaiako lehen Emakumeen Etxea eraikitzeko.

Bide horretan, ordea, aipatu biek ezinbestekotzat jo dute Emakumearen Etxearen definizioa osatzeko herritarrak prozesuan inplikatzea eta horretarako proposamenak jasotzeko saio irekiak antolatu dituzte.

Lehen saioa irailaren 25ean egingo da, arratsaldeko 18:15ean Alondegian eta bigarrena, aldiz, urriaren 23an, toki eta ordu berean.

Saio horietan, herritarrekin batera, Emakumearen Etxearen definizioa osatzea da helburua, hau da, etxearen kokalekua, funtzionamendua edota kudeaketa erabakitzea, besteak beste.

Emakumeen Etxea elkargune edo topagunerako espazioa izatea da helburua, berdintasunerako bidean, indarrak edota sinergiak sortzeko espazio bat alegia.

Gizarte parekideagoa lortzeko bidean, beraz, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak herritar oro animatzen du Emakumeen Etxea eraikitzeko proiektu eta prozesuan parte hartzera.