Zumaiako Gazteria Diagnosia aurkeztu zaie ikastetxeetako ordezkariei

2010/01/15

Diagnostikoa Udalaren webgune honetan zintzilikatu da, kontsultatu ahal izateko. Azterketa horretan oinarrituta, Ludotekan zenbait urrats egiten ari dira dagoeneko eta orain, Gaztegunearen inguruko balorazioa egiteko tartea izango da.

 

Zumaiako Udalak Ludoteka zuzenean kudeatzeko erabakia hartu eta berehala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haur eta Gazteen Sustapen Ataleko aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen Bulego Teknikoarekin jarri zen harremanetan. Nerea Epelde Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, “ordutik, Bulego Teknikoak aholkulari lanak egin ditu herriko gaztetxoenei eskainitako zerbitzuen politikak zehazterako garaian eta bide horretan hainbat urrats egin dira”.

Hortik abiatuta egin da herriko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sistemaren diagnosia, eta joan den astelehenean aurkeztu zitzaien azterketa herriko ikastetxeetako ordezkariei, eurak ere diagnosiaren bilakaeran elementu aktiboak izan direlako. Diagnostikoa Udalaren webgune honetan ere zintzilikatu da, nahi duenak kontsultatu ahal izateko.

Ikerketa horretan oinarrituta, prozesu berri honen barruan, zerbitzu osatuago bat emateko ahalegina egin da, gurasoak ere Ludoketako bezero bihurtu dira, eta Ludotekako erabiltzaile nagusitxoenei arreta berezia eskaini zaie. Horren lekuko, egin diren familia irteerak edo nagusienekin egindakoak.

Gaztegunearen inguruko balorazioa

Orain, Gaztegunearen balorazio sakona egiten hasiak dira eta Miriam Romatet udal teknikariak azaldu duenez, “nerabeak balorazio horren protagonista izatea nahi dugu”. Bide horretan, lehen harremanak egin dituzte jada Gazteguneko erabiltzaile direnekin. Dinamika, ordea zabaldu egin nahi da, herriko nerabeen iritziak jasotzeko: “Gaztegunearen berdefinizioa beraiekin elkarlanean burutzea da asmoa, beraien ideiek proiektuan eragin dezaten”. Ikastetxeko ordezkariekin egindako bileran adostu zuten iritzi horiek eskolen bidez jasotzea eta alde horretatik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie herriko ikastetxeei eskainitako laguntza eta parte-hartzearengatik.

Urtarrilaren 27an eztabaida-saioa

Baina gazte eta hezitzaileez gain, gurasoen iritzia ere jaso nahi da. Horretarako, eztabaida-saio bat antolatu dute hilaren 27rako. 19:00etan hasiko da saioa Forondan eta 8-10 gurasoz osatutako eztabaida egitea da asmoa. Izena Forondara deituta edo foronda@zumaia.net helbidera idatzita eman daiteke, eta horretarako azkeneko eguna urtarrilaren 22a izango da.

Horrekin guztiarekin lortu nahi da, Zumaian orain arte gazteen inguruan Udaletik egin den lana, Gipuzkoako Haurren eta Gazteen Sustapenerako Sistemarekin lankidetzan eta era koordinatuan lantzea.