Zumaiako Hitanoa landu eta bultzatzeko hezkuntza proposamena osatu dute Zumaiako Udalak eta Mintzola fundazioak

2010/03/04

Hizkuntzaren aldaera hau sustatzeko akordioa sinatu dute Udalak eta Mintzola fundazioak.

 

Zumaiako Udalak euskararen ahozkotasuna eta bereziki hitanoa hedatzeko lanetan proiektu berri bat abiatuko du Mintzola fundazioarekin elkarlanean. Gaur (martxoak 4, osteguna) aurkeztu dute proposamena jendaurrean eta hiru eragileek elkarlanerako akordioa sinatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Villabonako Udalak, EHU-k eta Kutxak sortu zuten euskararen ahozkotasuna lantzeko Mintzola fundazioa eta orain, Zumaiako Udala ere egitasmo honen baitako elkarlanean hasiko da. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, “Udalak euskararekin duen proiektu garrantzitsua dugu hitanoa sustatzeko egitasmo hau. Izan ere, geure geurea dugun hizkera baten erabilera zabaltzeko eta uste okerrak argitzeko balioko du abian jarriko dugun proiektuak”.

Agerraldian azaldu dutenaren arabera, “azken urteotan Zumaian geurea den hizkuntzari lotutako ondarea biltzen eta jasotzen ahalegin handia egin da. Horren lekuko dira, Zumaiako hitanoa jasotzen egindako lana, herriko toponimia jaso eta normalizatzen egindakoa eta Zumaiako hizkera bildu eta digitalizatzen egin dugun azkenekoa”. Hitanoaren kontuan, berriz, aspalditxotik jaso izan ditu Udalak herritarren oharrak eta kexak: oker erabiltzen dela, batetik; eta emakumeen artean erabilera galtzen ari zela, bestetik.

 

Hitanoa_prentsaurrekoa1

 

Horri erantzun nahian osatu dute orain proposamena eta herriko ikastetxeekin lankidetzan emango dituzte aurreneko urratsak. “Lanak handi, baliabideak urri, nonbaitetik hasi behar eta ikas prozesuan lau maila aukeratu ditugu lanketarekin hasteko”, azaldu du Josune Herrarte Udaleko euskara teknikariak. Hala, LH 5. eta 6. mailan eta DBHko 1. eta 2. mailetarako
unitate didaktikoak landuko dituztela zehaztu dute. Josune Zabala Mintzolako zuzendariaren arabera, “herriko ikastetxeetako irakasleekin lankidetzan ariko gara eta ildo beretik, eurekin ere prestakuntza saioak landuko ditugu, lehenengo beraiek jantzi daitezen gero Zumaiako gaztetxoei erakusteko”.

Uxua Sorazuk ere hikaren erabilpen okerrari aipamena egin dio. Zumaiako eskoletako irakasleen izenean hitz egin du eta azaldu duenaren arabera, aspalditxotik ari dira hitanoaren inguruko “kezka hauei erantzuna” aurkitu nahian: “Proiektu honen baitan, geuk egin beharko dugu lehendabizi hitanora hurbiltzeko saiakera; ondoren, herriko haur eta gaztetxoekin landu eta geurea dugun altxortxo hau berreskuratzeko”.

 

Hitanoa_prentsaurrekoa2

 

Josune Herrarte Udaleko Euskara teknikariak adierazi duenez, “ondo dakigu hitanoaren erabilera ez dela ikastetxeen kontua bakarrik, eremu ez formaletakoa baita berez hizkera hori, baina ikastetxeetan ‘aliatu’ onak ditugu, eta hori aprobetxatu beharrean gaude”. Hori esanda, gaineratu du hemendik aurrera hitanoari prestigioa ematen, familia transmisioan eragiten eta eguneroko bizimoduko beste esparruetan ere lan egiten jarraitzea izango dela erronka.

Hainbat eragileren arteko elkarlana

Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearen arabera, “ekimenak aspaldiko kezkari erantzuten dio, eta balio erantsia du, helburu berberaren inguruan artikulatzen dituelako hainbat eragile, Udala, ikastetxeak, irakasleak eta azken xedea nola ez, herriko gazteak”.

Mª Jesus Aranburu Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak ere parte hartu du gaurko ekitaldian eta Mintzola Fundazioko lehendakari gisa hitz egin du: “Mintzola fundazioa bere ibilbidea egiten hasi da Zumaian eta espero dugu hemengo esperientzia eredu izango dela beste herrientzako”. Lehendakariaren esanetan, ahozkotasunean “garrantzia berezia” dauka transmisioak: “Alde horretatik, erakundeetatik lanean jarraitu behar dugun arren, norberaren lanak aparteko garrantzia izango du apustu honetan”.

Hemen ekin diote eragileek bideari, baina hau “hasiera baino ez” dela gogorarazi dute: “bidea luzea izango da eta prest gaude horri ekiteko”.