ZUMAIAKO IKASLEAK UDALERRIA EZAGUTZEKO PROGRAMAN MURGILDUKO DIRA
Zumaia Ezagutzen programa didaktikoaren bitartez, urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dituzte.
Urte berriari hasiera ematearekin batera, Zumaiako ikasleak udalerria ezagutzeko heziketa programan murgiltzear daude. Urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dituzte, gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruan hausnartuz eta ohitura onak sustatuz.
Horrenbestez, Zumaiako Udalak antolatutako ingurumen heziketa programa honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1go eta 2. mailako ikasleek hartuko dute parte. Hala, Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Maria eta Jose ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako 450 ikasle inguruk parte hartuko dute eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.
Alde batetik, lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek ‘Denboraren bila’ ikas-unitatea landuko dute. Ikasleek Zumaiako historian zehar bidaiatuko dute, Zumaiak hiri gutuna lortu zuenetik gaur egun arte, alegia, betiere, ingurumenarekiko arreta berezia jarriz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera horri girotze saio baten bitartez emango diote hasiera ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Kofradian izango da, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka burutuko duten bidaia.
Bestalde, lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ‘Argazki rallya’ landuko dute. Unitate horren bitartez Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutuko dute. Horretarako, taldeka bildu eta, argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak ateratzeaz gain, leku horiei buruzko dokumentazioa ere aurkitu beharko dute ikasleek.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleek, aldiz, ‘Zumaia eta Artea’ unitatea landuko dute. Jarduera horretan zehar Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz.
Azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek ‘Ontzigintza Zumaian’ unitatea landuko dute. Ikas-unitate horretan, Zumaiako herrian ontzigintzak izandako garrantziaz gain, egungo egoera aztertuko dute. Hala, ikasgelan burutuko den saioaren ondoren, Astilleros Balenciaga S.A. ontziolara bisita egingo dute, ontziak egiteko prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko.
Modu honetara, aipatutako ingurumen heziketa programaren helburua da 2017 urtean ere, adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Zumaiako ikasleek herriaren ezagutzan sakontzea.



