Zumaiako ikasleek herriko egoera hobetzeko konpromisoa berretsi dute

2013/05/08

Zumaiako ikastetxe guztiak Eskolako Agenda 21 heziketa-programan parte hartzen dute, 2005. urtez geroztik. Ikasturte bakoitzean herriaren egoera aztertzen dute, gai zehatz baten diagnostikoa eginez. 2012-2013 ikasturtean, herriko zarata eta uhin elektromagnetikoen egoera landu dute, ikasgelan saio teorikoak eta irteerak eginez. Landutako material didaktikoak eta kudeaketa lanak Arazi enpresaren ardura izan dira. Zumaiako ikasleek egungo egoera aztertu ondoren, herrian aurkitu dituzten arazoak konpontzeko proposamenak luzatu dizkiete udal ordezkariei, Maiatzaren 7an ospaturiko udalbatzarrean. Horrela, alkatea, ingurumen zinegotzia eta ingurumen teknikaria ikastetxe bakoitzeko ikasle ordezkariekin elkartu dira. Ikasleek egindako proposamen bakoitzari erantzuna eman zaio, eta Udalak etorkizunera begira dituen proiektuak azaldu ditu. Modu berean, ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu dituzte. Zarataren inguruan, honako konpromisoak hartu dituzte: zarata iturrien dekalogoa prestatzea, tonu egokian aritzea, oinez edo bizikletaz ibiltzea edo autoak gutxiago erabiltzea. Uhinen inguruan, berriz, telefono mugikorren erabilera arduratsua egiteko edo wifi router-a erabili ezean itzaltzeko konpromisoa hartu dute, besteak beste. Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatea eta Udalaren arteko harremana ezinbestekoa da. Horregatik, komunikazio hori indartuko duten bilerak burutu dira ikasturtean zehar. Etorkizunean garapen iraunkorraren aldeko apustua indartu eta Udala eta hezkuntza-komunitatearen arteko harremana sendotzeko neurriak hartuko dira.