Zumaiako ikurriña jokoan asteburu honetan
Estropadak izango dira protagonista asteburuan Zumaian. Larunbatean emakumezkoen Eusko Tren liga eta gizonezkoen TKE ligak jokatuko dira. Igandean, berriz, ARC2 mailako estropada egingo da.
Estropada denboraldian bete-betean gaudela, traineruek Zumaian izango dute hurrengo hitzordua. Larunbatean emakumezkoen Eusko Tren ligak emango dio hasiera asteburuko Zumaiako traineru jardunaldiari eta emakumeen aurreneko Zumaiako ikurriña jokoan izango da.
Ordu bete geroago, 19:00etan, TKE ligako traineruek ekingo diote lehiari. Zumaiako XXIV. Ikurriña lortzeko norgehiagoka estua izango da zalantzarik gabe.
Traineruen festa ez da larunbatean amaituko, hala ere. Igandean, eguerdiko hamabietan, ARC2 Estropada jokatuko baita Zumaiako uretan.
Maitane Urbieta kirol kazetariak azaldu duenez, “urteurren esanguratsu” baten aurrean aurkitzen dira Zumaiako estropadak. Izan ere, datorren urtean beteko dira 25 urte Zumaiako bandera lehen aldiz jokatu zela.
Urte guzti horietan Zumaiako Udalaren babesa izan du jardunaldiak eta aurten ere laguntzak ez du etenik izango. Iñaki Agirrezabalaga alkatearen esanetan, “ikuskizun polita izan ohi dira estropadak eta ea aurten ere halaxe izaten diren”. Zumaiarrak, emakumezkoetan batez ere, “txukun” dabiltzala gaineratu du alkateak: “kiroltasunez gozatu eta ondo pasa dezagun denok”.
Aparkalekuak
Estropadak ikustera etortzen den jende kopuru handia ikusita, antolatzaileek zenbait neurri hartzen dituzte urtero. Hala, jakitera eman dute kirol portuaren alboan eta Basusta bidean egokituko dituztela aparkalekuak. Gero, kirol portutik Txomin Agirre kaira joateko, txalupa zerbitzua izango da.



