Zumaiako itsaslabarra, Lurraren historia aztertzeko erreferentzia

2010/05/07

Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak ‘Nazioarteko Erreferentzia Geologiko’ izendatu ditu Itzurungo itsaslabarrak. Atzo (osteguna) egin zuten ekitaldia Itzurun hondartzan.

 

Itzurungo itsaslabarra “Nazioarteko Errefererentzia Geologiko’ izendatu berri ditu ofizialki Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak (ICS). Atzo egin zuten izendapenaren ekitaldi ofíziala Zumaian eta gonbidatuen artean ziren Markel Olano Diputatu Nagusia, Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko lehendakari Stanley Finney, Eustoquio Molina Paleogenoko azpibatzordeko lehendakaria, Euskal Herriko Unibertsitateko Xabier Orue-Etxebarria eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga.

Aurki hiru urte beteko dira Workshop 2007 taldeak Itzurungo itsaslabarra Paleozenoaren nazioarteko erreferentzia izatea proposatu zuela. Harrezkero, azterbide luzea pasatu du proposamenak eta, behar izan dituen bozketa eta izapide administratibo guztiak gainditu eta gero, azkenean aitorpena gauzatu da, nazioartean erreferentziazko izaera aitortu zaio Zumaiako itsaslabarrari.

 

Paleozeno_1

Izendapen ekitaldiaren baitan, Zumaiako itsaslabarraren inguruko azalpenak jasotzen dituen panela bistaratu zuten Itzurun hondartzan.

Lurraren historia aztertzeko oinarrizko erreferentzia

Internacional Comision o Stratigraphy batzordeko lehendakari Stanley Finneyk eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok estratotipoei dagozkien Golde Spike iltzeak jarri dituzte Itzurungo hondartzan. Izan ere, iltzeek bi estratotipo edo GSSP adierazten dituzte.

Stanley Finney-k ekitaldian azaldutakoaren arabera, “GSSPak benetako puntu eta haitzak dira, eta oinarrizko erreferentziak dira Lurraren historia aztertzeko. Estratotipoak ezin dira museoetan gorde, hemen egon behar dute, beren benetako testuinguruan. Puntu horiek zaindu egin behar dira eta horiek aztertzera etortzen diren mundu guztiko zientzialaritzat ikusgai eduki. Ildo horretatik, oso garrantzitsua da Zumaian azken urteotan egiten ari den babes lana eta zientzialarien arteko koordinazioa”.

 

Paleozeno_2

Argazkian, Stanley Finney urrezko iltzea jartzen Itzurunen.

 

Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga ere pozik agertu zen atzoko ekitaldian: “berri pozgarria da gaurkoa, Zumaia nazioarteko erakusleiho izango delako eta alde horretatik eskerrak eman nahiko nizkieke zumaiar guztien izenean, hau zaintzen eta dibulgazio lan horretan aritu izan diren guztiei”.

Markel Olano Diputatu Nagusiak azaldu zuenez, “Zumaia, Gipuzkoa eta Euskal Herria jarri ditu izendapenak nazioarteko erakusleihoan bai zientifikoki eta baita sozialki. Ildo horretatik, Aldunditik jarraituko dugu zientzialariei gure babes osoa eta baliabideak eskaintzen”.