Zumaiako kanpoko kaia indartzeko eta konpontzeko lanak herritarrentzat ireki dira
Eusko Jaurlaritza lanak exekutatzen ari da “Paolaldeko” dikean, bertako arazoak epe luzerako konpontzeko asmoarekin. Moyua-Vda de Sainz ABEEak, 2.397.925 €-ko aurrekontuarekin, aurrera eramandako lanak azkenengo fasean sartu dira, eta azken ukituak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten da. Zumaiako Udala oso pozik dago, egindako errefortzu eta indartze lanek dikeak egun dituen ezegonkortasun arazoei behin betiko irtenbidea ematen dielako, horrela muturraren eta bereziki oinezkoen segurtasuna bermatuko delako.
Zumaiako kaia indartzeko lanak denbora gutxi barru amaituko dira. Horrela jakinarazi dute gaur Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendariak, Natxo Lopez de Aguileta Eusko Jaurlaritzako herri lan ingeniariak eta Josu Aguirrezabalaga Sestrako ingeniariak herritarrekin egindako bilera eta bisita gidatuan. Esandakoaren arabera, “azken ukituak urte amaierarako bukatzea aurreikusten da”.
Hain zuzen 2016an ekin zien Portu Zuzendaritzak kai muturra konpontzeko lanei, 2014an izandako ekaitzen ondorioz muturra berritua izan bazen ere, iaz otsailaren 9an izandako olatuek 50 metroko suntsiketa eragin baitzuten muturraren gainaldean.
Hala ere, obrak nahi baino gehiago atzeratu dira, eta prozesuan izandako zailtasunak eta dikean egindako lanak ezagutarazteko bilera irekiak eta bisita gidatuak egingo dira bertara.
Lehenbiziko bilera gaur, ostiralean, egin da, arratsaldeko 16:00etan. Lehenik eta behin informazio bilera egin da Algorri Interpretazio Zentroan, eta ondoren, itsasontziz dikeraino hurbildu dira herritarrak bertan egin diren lanak hurbiletik ikusi eta ezagutzeko.
Lehen saio horretara Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Oier Korta Zumaiako alkatea ere joan dira. Tapiak adierazi duenez, “azken urteetan jasandako denboraleen indarrak, 2014ko neguan izandakoek, batez ere, kalte handiak eragin dituzte” eta, gehitu duenez, “ez da nahikoa kalteturikoa konpontzearekin, kalteturiko gune horiek indartzea ezinbestekoa da, dikearen bizitza erabilgarria luze eta hobea izan dadin, dikearen azpiegitura bera, kalkulatu eta eraiki zenean aurreikusitakoak baino askoz ere baldintza gogorragoak ari baita jasaten”.
Zumaiako alkatea, bere aldetik, oso pozik agertu da, eta eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, izan ere, “lan horrek, udalerriko toki enblematikoenetako baten berreskuratze integrala bermatzeaz gain, dikearen segurtasuna eta, batez ere, bertatik paseatzen ibiltzen diren oinezkoen segurtasuna ere bermatzen baititu”.
Bihar, larunbatean, urriaren 28an, herritarrek goizeko 11:00etan egingo den bigarren saiora eta bisitara joateko aukera izango dute.
Egindako lanak
Egindako lan horien guztien helburua izan da orain arte dikeak izan dituen segurtasun eta ezegonkortasun arazoei behin betiko irtenbidea ematea, etorkizunera begira, olatuek eta ekaitzek, muturra berriro suntsitu ez dezaten.
Horiek horrela, lanek 3 atal nagusi izan dituzte: dikearen kokotearen sekzioa altueran eta zabaleran handitzea, bere tarterik zaharrenean; kanpoko ezponda dentsitate altuko hormigoizko blokeekin indartzea; eta barrualdeko harri-lubeta gainditzearen kontrako babesa egitea, bloke arinagoekin.
Aipagarria da beraz, egindako lanak ez direla dikearen konponketa puntualak edo “partxeoak” izan. Aipatu lanak, arazoa epe luzean konpontzeko bokazioz egindako lanak izan dira.
Kanpoko ezponda indartzeko 40 tonako blokeak jarri dira, eta muturra indartzeko, aldiz, 50 tonako blokeak. Barrualdeko ezponda sendotzeko, 1 eta 3 tona bitarteko pisua duen harri-lubeta jarri da. Halaber, 80 metroko tartean, 23,5 tonako hormigoizko blokeak jarri dira.
Jarduketaren guneak 575 metroko luzera du. Sekzio berria 0,7 eta 1,9 metro artean handitu da, eta inertzia gehiago eman zaio, aipaturiko segurtasun koefizienteak betetzeko. Egin den obra oso garrantzitsua da, eta lanak konplexuak izan dira. Zifra batzuk aipatzearren, 4.000 metro kubiko hormigoi erabili eta 118 mikro-pilote jarri dira.



