Zumaiako Keretxudi Baratze Parkea zabalik dago jada

2018/11/21

Basustagaina eremuan kokatutako baratze parkea 50 eta 70m2 bitarteko 50 lursailek osatzen dute. Zumaiako Keretxudi Baratze Parkearen zabaltzearekin Kutxa Ekogunearen Baratze Parke Sareak 20 baratze parke ditu dagoeneko.

Kutxa Ekoguneak Baratze Parkea Sarea martxan jarri du Gipuzkoako hainbat herritan elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua eginez. Zumaiako Udalak bat egin du egitasmoarekin eta sare honetako 20. Baratze Parkea zabaldu da bertan.

Keretxudi Baratze Parkea asteazken honetan, azaroak 21, arratsaldeko 17:00etan zabaldu da. Ekitaldian erabiltzaileez gain, Oier Korta alkatea, Ricardo Landa udal teknikaria eta Kutxa Ekogunearen eta Baratze Parke Sarearen ordezkari gisa Itsaso Olaizola teknikaria izan dira.

Ordezkari bakoitzak proiektuaren ezaugarri eta helburu nagusiak nabarmendu ditu. Oier Korta alkateak proiektua gauzatu arteko ibilbidea azaldu du eta “Baratze Parkeko baratze-kideek, baratzean arituaz, ingurumenarekiko eta elikadura osasuntsuarekiko sentsibilizazioa garatzeko eta elkarbizitza eta elkarlanerako aukera paregabea izango dutela” gaineratu du.

Irekiera ekitaldi honetan, ordezkariek azalpenak eman ondoren, baratze parkean barrena bisita bat egiteko aukera izan da. Bertan egin da erabiltzaileek osatu beharreko elkartearen eraketa eta baita lursailen zozketa eta giltzen banaketa ere.

Kutxa Ekoguneko Itsaso Olaizolak adierazi duenez, Baratze Parkeak erabiltzaile bakoitzari aukera ematen dio lursaila autokontsumorako eta era ekologikoan ekoitzi eta gainera, erabiltzaile guztien artean, modu komunitarioan eta auzolanean, Baratze Parkearen kudeaketa egiteko.

Zumaiako Baratze Parkea Basustagaina inguruan dago kokatuta. Bertara oinez iritsi daiteke modu errazean, baita bizikletaz ere. Parkeak 50 eta 70m2 bitarteko 31 lursail ditu guztira eta 4 urtetarako esleitu dira. Horietatik %50a, interes taldeentzat gorde dira. Lursailen esleipenak, beraz, helburu soziala ere izan du.

Baratze Parkea ondo ekipatuta dago. Parkearen sarreran 2 etxola daude, bata  erabiltzaileek aldagela gisa eta bestea erremintentzako biltegi gisa erabiltzeko. Gainera, lursaila erabiltzeko eskubidea izateaz gain baratze-kideek eskura dituzte baita baratzean erabiltzeko erremintak, uraska eta konpost-gunea.

Zumaiako Keretxudi Baratze Parkeko kideentzat zerbitzuak

Baratze Parke Sarearen berariazko zerbitzu nagusia FURGOBARATZA zerbitzua da.  Baratze Parke Sareko kide diren Baratze Parke guztietara joaten da Furgobaratza urtero adosten den kalendarioaren arabera eta bisita hauetan, Sareko teknikarien eskutik, aurrez-aurre zalantzak argitzen dira,  garaian garaiko landare eta plantel ekologikoa eskuratu ahal izaten da eta  baratzegintzari lotutako gomendio eta tailer praktikoak egiten dira.

Baratze Parke Sareak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere eskura dituzte jada Keretxudi Baratze Parkean, besteak beste: baratzeen lurren kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen txostenak, konposta eta egituratzailea eskuratzeko aukerak, tailer praktikoak eta dinamizazio ekintzak eta datorren udaberrian baratzezain berri guztiei doan eskainiko zaien “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa.

Bestalde, Baratze Parke Sareko Udal ordezkariek eta erabiltzaileen Elkarteek Topaketa desberdinetan parte hartzen dute. Modu honetan, herri ezberdinentzako Baratze Parkeko partaideek elkar ezagutzeko eta informazioa zein gomendioak elkar trukatzeko aukera izango dute.

Baratze Parke Sareak aurten ospatu du bere 5. urteurrena. 2013an proiektua 5 Baratze Parkeekin hasi zenetik, 20 dira egun Gipuzkoan martxan dauden Baratze Parkeak: Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Berrobi, Irun, Villabona, Ikaztegieta, Beasain, Ordizia eta Zumaiakoa. Guztira, 1.181 lursail daude herritar eta elkarteen eskura eta ia 5,4 hektarea azalerako baratzegintza ekologikora bideratutako lurra.

Baratze Parkea webgunea

Baratze Parke Sareak izango duen ekarpenik erabilgarrienetako bat baratzeparkea.ekogunea.eus webgunea izango da. Honen bidez erabiltzaileek Baratze Parkea Sareko informazio guztia eskuragarri izango dute: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak,...

Kutxa Ekoguneak sortzen duen Buletin elektroniko bat ere jasotzen dute Sareko erabiltzaileek hamabostean behin, nekazaritza ekologikoa praktikatzeko ekarpenak eta aholkuak jaso eta Sareko ekintzen berri zuzena izateko.

Informazio gehiago: baratzeparkea.ekogunea.eus