Zumaiako Keretxudi baratze parkeko kideak lan eta lan dabiltza

2019/04/30

Lursail guztiak beteta daude dagoeneko, baratzeek itxura ederra dute eta martxa onean doaz.

Kutxa Ekoguneak Baratze Parkea Sarea martxan jarri zuen Gipuzkoako hainbat herritan elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua eginez eta Zumaiako Udalak bat egin zuen egitasmoarekin, azaroan sare honetako 20. Baratze Parkea bertan zabalduta.

Hasiera batean baratze denak bete ez baziren ere, egun denak daude martxan, baratzekideek elkartea osatu dute eta itxura ederra hartzen ari da baratze parkea.

Baratze Parkeak erabiltzaile bakoitzari aukera ematen dio lursaila autokontsumorako eta era ekologikoan ekoitzi eta gainera, erabiltzaile guztien artean, modu komunitarioan eta auzolanean, Baratze Parkearen kudeaketa egiteko.

Zumaiako Baratze Parkea Basustagaina inguruan dago kokatuta. Bertara oinez iritsi daiteke modu errazean, baita bizikletaz ere. Parkeak 50 eta 70m2 bitarteko 50 lursail ditu guztira eta 4 urtetarako esleitu dira. Horietatik %50a, interes taldeentzat gorde dira. Lursailen esleipenak, beraz, helburu soziala ere izan du.

Baratze Parkea ondo ekipatuta dago. Parkearen sarreran 2 etxola daude, bata  erabiltzaileek aldagela gisa eta bestea erremintentzako biltegi gisa erabiltzeko. Gainera, lursaila erabiltzeko eskubidea izateaz gain baratze-kideek eskura dituzte baita baratzean erabiltzeko erremintak, uraska eta konpost-gunea.

 

Zumaiako Keretxudi Baratze Parkeko kideentzat zerbitzuak

Baratze Parke Sarearen berariazko zerbitzu nagusia FURGOBARATZA zerbitzua da.  Baratze Parke Sareko kide diren Baratze Parke guztietara joaten da Furgobaratza urtero adosten den kalendarioaren arabera eta bisita hauetan, Sareko teknikarien eskutik, aurrez-aurre zalantzak argitzen dira,  garaian garaiko landare eta plantel ekologikoa eskuratu ahal izaten da eta  baratzegintzari lotutako gomendio eta tailer praktikoak egiten dira.

Baratze Parke Sareak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere eskura dituzte jada Keretxudi Baratze Parkean, besteak beste: baratzeen lurren kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen txostenak, konposta eta egituratzailea eskuratzeko aukerak, tailer praktikoak eta dinamizazio ekintzak eta ikastaroak.