Zumaiako kirol ekipamenduen inguruan egindako azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Udalak herritarrei eta kirol elkarteei zuzendutako bilera irekian

2019/02/26

Ostegunean, otsailak 28, izango da aurkezpen bilera irekia, arratsaldeko 18:30ean izango da, pleno aretoan

Azken urteotan Zumaia handitzen joan den heinean eta zumaiarron ohiturak aldatzen joan ahala, gure herriko kirol instalakuntzak zaharkituta eta txiki geratzen ari zaizkigu. Zorionez, gero eta zumaiar gehiago animatzen dira kirola egitera eta eskari horri ahalik eta erantzunik egokiena ematea Zumaiako Udalaren ardura da.

Bestalde, Zumaiako Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorraren (HAPO) idazketa hasteko garaia ere heldu zaigu, aurtengo aurrekontuetan, hain zuzen ere, jaso da horretarako kontu-saila. HAPOak antolatuko du Zumaiak etorkizunera begira izango duen garapena eta bere idazketa prozesua ez da laburra izango, baina pixkanaka gure herriaren etorkizuna marrazten joateko erabakiak hartzen joan beharko dugu.

Marko horretan, Zumaiako Udalak, kirol instalakuntzen etorkizuna definitzeko aukera desberdinak aztertzea eskatu zion 2018an LKSri eta aukera horiek azaldu nahi dizkie Udalak herritar eta kirol elkarteei udaletxean egingo den bilera batean. Gai honek herritar guztiei eragingo dienez eta bereziki kirol elkarteei, Udalak herritarrak eta kirol elkarteak aurkezpenera gonbidatu nahi ditu, izan ere, guztion artean aztertu eta erabaki beharko baitugu Zumaiaren etorkizuna.

Aurkezpen bilera ostegunean, otsailak 28, izango da, 18:30ean udaletxeko pleno aretoan Bertan, udal gobernuak, gai honen inguruko informazioa elkarbanatuko du herritar eta elkarteekin.