Zumaiako lehen kolunbarioa eraikiko du Udalak hilerrian

2018/05/11

Bertan horma hobi ugari egokituko ditu hilotzen errautsak jaso ahal izateko.

Joeraz, gaur egun hilotzak errausteko gero eta joera handiagoa dago eta horri erreparatuz, errauts horiek gordetzeko gune bat eskaini nahi izan die Udalak herritarrei.

Horretarako hain zuzen, udal hilerrian Zumaiako lehen kolunbarioa eraikitzeko aurre lanei ekin die Udalak. Lehen urrats gisa, kolunbarioa kokatuko den gunean aspaldidanik lurperatuta zeuden 8 haurren gorputzak atera ditu lurpetik, horretarako, noski, aldez aurretik familien baimena jasota. Udalak adierazitakoaren arabera, gorpu horietatik zazpi, 50 eta 60ko hamarkaden artean ehortzi ziren bertan. 

Behin lan horiek eginda datozen asteotan kolunbarioa eraikitzeko urratsak egiten jarraituko du Udalak. Bide horretan, errautsak gordetzeko hainbat horma hobi eraikiko dituela aurreratu du eta pertsona interesdunek udaletxean egin beharko dute horiek erabiltzeko eskaera.

Edonola ere, pauso horien berri aurrerago emango duela adierazi du Udalak.