Zumaiako merkataritza eta hostalaritza elkarteko kideek bezeroei aparkalekua ordaintzeko konpromisoa hartu dute

2018/07/27

Konpromiso horren helburu nagusia da tokiko komertzioa bultzatzen jarraitzea eta bide batez, zumaiarrei zein inguruko herrietatik erosketak egitera Zumaiara etortzen direnei horretarako erraztasunak eskaintzea.

Zumaiako Merkataritza eta Ostalaritza elkarteak urtean zehar Udalarekin elkarlanean garatzen dituen ekintza eta ekimenez haratago, oraingoan urrats bat gehiago eman nahi izan du eta tokiko merkataritza indartu eta honi bultzada bat emateko bideari helduz, elkarteko kide guztiek bezeroei ordubetez aparkalekua ordaintzeko konpromisoa hartu dute.

Erabaki horren arabera, beraz, errotazio altuko guneetan, adibidez, Udalak doan eskaintzen duen lehen ordu erdiaz gain, Merkataritza eta Ostalaritza elkarteak bere gain hartuko luke ondorengo ordubeteko aparkalekuaren ordainketa, baita egonaldi ertaineko guneetako lehen ordua ere.

Neurri horren bitartez, helburua da, elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatzen dituzten gainerako ekimenekin bezala, herriko merkataritzari bultzada ematen jarraitzea eta noski, bide batez, bai zumaiarrei baita erosketak egitera Zumaiara etortzen direnei horretarako erraztasunak eskaintzea ere.