Zumaiako Musika Jaialdiak izandako arrakasta eta harrera ona azpimarratu ditu beste behin Udalak

2018/08/14

Emanaldiek jasotako erantzun beroa nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie antolakuntza lanetan lagundu duten guztiei, baita musikariei ere, egindako lan bikainagatik.

Joan den larunbatean, “Growing Young-Une” dantza ekitaldiak eman zion amaiera XXXIV. Musika Jaialdiari. Beste urte batez, aipatu jaialdiak kalitatezko ikuskizunak bildu ditu Zumaian, 15 egunetan zehar, herriko kaleak girotu eta alaituz.  

Egitarauaren baitan, adin guztiei zuzendutako ikuskizunak izan dira aukeran eta musikariei dagokionez, nazioarteko artistez gain, herriko sortzaile edo musikariek zein talde gazteek ere izan dute euren lana ezagutarazteko aukera.

Horri lotuta, Jaialdiaren balorazioa egin du Udalak, eta iaz bezala, Musikaldiaren arrakasta eta harrera ona azpimarratu ditu. “Ekitaldi guztiak izan dira jendetsuak. Zumaiarrak, udatiarrak nahiz inguruko herrietatik espresuki etorritakoak izan ditugu gure artean eta areto ezberdinetan ikusle zein entzuleen artean ikuskizunek izandako harrera ezin hobea izan da”, azaldu dute Udaletik.

Besteak beste organo doinuez, pianoaz, jazz emanaldiez edota gitarraren erregistro ezberdinez gozatzeko aukera eskaini du 2018ko Musikaldiak. Adibide gisa aipagarriak dira Faroe irletatik hurbildutako musikari gazte bikainak edota Sapere Aude Sinfoniettak Maria eta Jose aretoan eskainitako kontzertua, zeinak, gainera, helburu sozial bat bete duen, emanaldiko irabaziak AFAGI elkartera bideratu baitira. Horrekin batera, azpimarragarria izan da, baita ere, Odietan eskaini zen Meeting Point dantza saioa. Azken honek, eguraldia lagun izan ez bazen ere, jende ugari biltzea lortu zuen.

Hori guztiagatik, Udalak eskerrak eman dizkie jaialdiaz gozatzera animatu direnei, antolakuntza lanetan lagundu dutenei eta baita, noski, musikariei ere, egindako lan bikainagatik. “Urtero bezala, musikari eta dantzari paregabeak izan ditugu gure artean eta horiei esker, beste behin, kalitatezko musika zein ekitaldiez gozatzeko aukera aparta izan dugu”, gehitu du.

Musikaldiaz at abuztua festa eta ekintza ezberdinez beteriko hilabetea da Zumaian eta ildo horretan, Udalak Gala Gauean eta berriki ospatutako Euskal Jai egunean izandako giro itzela nabarmendu eta eskertu ditu. “Jaiak ez dira jai herritarren parte hartzerik gabe eta udako bi ekintza berezi hauetan zumaiarrek gogotsu hartu dute parte, bai antolakuntza lanetan, baita kaleetan jai giroa pizten ere”, azaldu dute Udaletik.

Uda sasoia eta abuztua, ordea, ez dira oraindik amaitu eta ekintza ugari gelditzen dira ospatzeke: koadrila eguna abuztuaren 18an, Garazi Pascualen “Erraia” izaeradun zirkoa eta kaleko pintura lehiaketa hilaren 15ean… Udalak, horietan ere gainerako ekintzetan bezala parte hartzera animatzen ditu zumaiarrak, uda sasoia eta oporraldia gozatu eta aprobetxatzeko.