Zumaiako oinezkoen zubia saritua izan da Bartzelonako Construmat azokan

2009/05/05

Aurreko urteko azaroan inauguratu zuten zubiak, Ingeniaritza Zibilaren arloko aipamena jaso du Construmat sarien baitan.

Narruondo ibaia zeharkatzen duen oinezkoen zubia saritua izan da 30. edizioa bete duen Bartzelonako Construmat azokan. Zumaiako Udalak deitutako lehiaketa publikoan proposamenik egokiena aurkeztu ostean, Pedelta ingeniaritza enpresa katalanak eraiki zuen zubia eta 2008ko azaroan inauguratu zuten.

Orain, Ingeniaritza Zibilaren arloko aipamena jaso du Construmat sarien baitan. “Egituran duen bikaintasun eta egokitasunagatik, inguruarekiko duen integrazio egokiagatik eta erabili duen diseinu berritzailearengatik” saritu dute azpiegitura berria.

Zubiaren enpresa egilearen arabera, “sari hau, errekonozimendu publiko eta sozial gisa” ulertu behar da. Izan ere, espainiar estatuan altzairu herdoilgaitza eta beira-zuntza bezalako material berriekin eraiki duten lehenengo oinezkoentzako zubia da.