Zumaiako skateparkea aurrera

2018/08/24

Skateparkearen diseinua herriko patinatzaileekin elkarlanean garatu da eta Otezuri egoitza aurreko eremuan eraikiko da. Proiektuaren idazketa lanak ia amaituta ditu Udalak eta, horrenbestez, obrak udazkenean lizitatzea aurreikusi du.

Zumaiak skatepark berria izango du. Horrela adierazi zuen udal gobernuak 2016an eta hartutako konpromisoari helduz, etengabeko urratsak emanez jarraitu du bereziki herriko patinatzaileei zuzenduriko espazio horren eraikitzea aurrera eramateko.

Bide horretan, Udalak jakinarazi du dagoeneko amaitzear dagoela proiektuaren idazketa eta behin hori onartuta, obrak udazkenean lizitaziora ateratzea aurreikusi duela. Espazio berri horren diseinua, gainera, herriko patinatzaileekin elkarlanean garatu du Udalak, beraiek izango baitira, hain zuzen, espazio horren erabiltzaile nagusienak.  

Hainbat kokaleku aztertu ostean, Zumaiako skateparkea Otezuri egoitza aurreko eremuan eraikitzea erabaki da, egoitzaren eta Aitzuri pilotalekuaren artean dagoen aparkalekuan, alegia. 650m2 inguru izango ditu eta Udaletik adierazi dute obrak urtea amaitu aurretik hastea aurreikusi dela.