Zumaiako Trukegunea aurkeztu dute

2019/11/15

Urtarrilaren 7ra arte Estalapean egongo da Trukegunea. Objektuak era librean utzi eta jaso daitezke bertan.

Azaroaren 16an hasi eta 2020ko urtarrilaren 7ra arte Trukegunea jarri du martxan Kutxa Ekoguneak Gipuzkoako 10 udalerrirekin batera. Trukeguneen ekimena Europako hondakinen murrizketa astean aktibazioa gauzatzeko helburuarekin sortu da.

Zumaian, Kofradian kokatu dute Trukegunea. Bertan, objektuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo/eta hartu, betiere, uzten dena moldaketarik egin beharrik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz.

Antolaketari dagokionez, Errefuxiatuen Harrera Taldeko eta Eskubide Sozialen Kartako kideak izango dira Trukegunearen funtzionamendua jarraitzearen arduradunak. “Modu autogestionatuan eta autonomoan, gune xume baina anbiziodun hau kudeatzen saiatuko dira beraiek”, azaldu du Olidenek; horretarako, herritar guztiek “guztionak diren espazio eta objektuak zaintzea beharrezkoa izango da, baina konfiantza dugu horrela izango dela, eta horregatik kokatu dugu Trukegunea espazio publikoan”. Zentzu berean, Otazok eta Olidenek eskertu egin dute ekimenean ekarpena egiteko elkarteek azaldu duten prestutasuna.

Trukea, kontsumo jasangarria sustatzeko

Alex Oliden Tokiko Garapenerako zinegotziak azaldu duenez “kontsumo ohitura jasangarriak sustatzeko eta ekonomia zirkularra zein hondakinen murrizketarekin lerrokatuta dauden ohiturak sortzeko ekimen txiki bat da” honakoa, eta zentzu horretan, “eragin handi bat sortu dezakeen hausnarketa txiki bat egiteko gonbita izan nahi du”. Horretaz gain, ekimen honen bidez “objektuei erabilpen berria emateaz gain, herritarren parte hartzea eta autogestioa bultzatzea eta jabetza kolektiboa sustatzea” da Udalaren asmoa.

Amaia Otazo Ekoguneko kidearen hitzetan “trukeak etxe baten altxor txiki eta interesgarriak diren horiek, baina erabiltzeari utzi ditugunak, beste baten eskuetan utzi eta horiei bizitza berri bat emateko aukera ematen du”. Era berean, Gabonen testuinguruan ekimen honek eduki dezakeen garrantzian egin du azpimarra: “Gabonetan gain-kontsumorako ohitura handia dugu, eta halako ekimenek balio dezakete bigarren eskuko opariak egiten hasteko eta guztiari buelta bat emateko”. Haurrak ere ekimen horien parte bihurtzeko deia egin du Otazok, opari moduan “bigarren eskuko opariak jaso ditzakegula erakusteko”. “Oso politak dira hortik sortzen diren esperientziak; historia duten objektuak dira, eta bizitza berri bat emateko aukera ematen du trukeak”.

Aurrerantzean ere halako ekimenekin jarraitzeko prestutasuna eta konpromisoa adierazi du Alex Oliden zinegotziak, eta  "Trukegunea urte osora zabaltzeko aukera" aztertuko dutela azaldu du. Gainera, abenduan zehar kontsumo jasangarriaren inguruko hitzaldi bat antolatuko dutela aurreratu du.

Funtzionamendua eta erabilera-arauak

Trukeguneak era egokian funtzionatu dezan erabilera-arauak zehaztu dituzte:

  • Ez da beharrezkoa truke gunera zerbait ekartzea bertatik zer o zer eramateko
  • Ezin dira 10 objektu baina gehiago aldi berean utzi
  • Ekarritakoa baldetan jarri beharko da. Ez dira kaxa edo poltsak onartuko
  • 15 egunez trukatu gabe egon den materiala zuzenean espaziotik erretiratua izango da beste erabilera bat emanez
  • Uzten den objektua beste batek dagoen moduan berrerabiltzeko egoeran egon behar da. Egoeraren ardura uzten duenarena da

Trukegunean utzi daitezkeen objektuen inguruan honakoa azaldu dute:

Zer trukatu:

  • Liburuak, musika CD originalak
  • Etxetresna elektroniko txikiak
  • Elektronika: mugikorrak, irratiak, mp3-ak, telebista...
  • Brikolaje-produktuak
  • Kirol eta aisialdi produktuak
  • Musika tresnak
  • Jostailuak

Zer ez trukatu:

  • Arropa, janaria eta produktu sanitario edo higienikoak
  • Ordenatu gabeko poltsa edo kaxetan dauden objektuak edo espazioan sartzen ez direnak
  • Egoera kaskarrean dauden objektuak