Zumaiako Udal Gobernuaren oharra, EAJk prentsaren bidez zabaldu duen gezurra dela-eta

2020/12/11
EAJk gezurretan jarraitzen du, Kofradiako muralaren margoketan zinegotzirik ez zegoela jakiteko bide ofizialak edukita ere. Agerraldi honen bidez Udal Gobernuak gai honi amaiera eman nahi dio, eta indarrak legealdi planean jartzen segiko dugu.

Agerraldi honen bidez, Udal Gobernua osatzen dugun EH Bilduko bederatzi zinegotziok Zumaiako herritarrei argi adierazi nahi diegu EAJ gezurretan ari dela: EH Bilduko zinegotziek ez dute parte hartu Kofradiako muralaren margoketan. Behin eta berriz esan diegu hori, eta gainera bazituzten murala egiten zinegotzirik ez zegoela jakiteko bide ofizialak: alkatearen eta Udal Gobernu osoaren hitza sinisten ez badute, Udaltzaingoaren bideoa edo identifikazioak biltzen dituen txostena eskatu besterik ez zuten.

Gezurra erabiltzea larria izanik, Zumaiako herritarrei informazio guztia helaraztea erabaki dugu:

  • Igande goizean Udaltzaingoaren abisua iritsi zitzaigun. Hainbat pertsona identifikatu zituzten Kofradian mural bat egiten ari ziren bitartean. Identifikatzeaz gain, udaltzainek muralaren egileak bideoz grabatu zituzten bertatik bertara. Ondoren txostena egin zuten, eta gertaeraren berri eman zioten Udal Gobernuari. Halako gertaeren berri edukitzean jokatu ohi dugun moduan jokatu genuen honetan ere, eta ohiko prozedura administratiboa jarri dugu martxan. 

  • Astelehenean EAJren oharra publikatzen da Baleiken. Espero genuen oharra, baina irakurtzen hasitakoan harri eta zur gelditu ginen: gure zinegotzi bat bertan izan zela esaten zuen EAJk, hitz oso gogorrak erabiliz bere aurka eta gobernutik kanporatzeko exijituz.

  • Esan beharrik ez dago hori gezurra dela. Azalpen baten bila, bururatu  zitzaigun azalpen bakarra izan zen EAJkoek Ernaien bideoan agertzen  den gazte bat gure zinegotzi batekin nahastu zutela. Ernaien bideoan murala nork egiten duen ikusten da, eta argi ikus daiteke ez dela zinegotzirik bertan.

  • Hori horrela, EAJren bozeramaileari deitu genion telefonoz. Ziotena gezurra eta larria zela adierazi genion, hanka sartu zutela eta pertsonaz nahasten ari zirela. Hankasartzea konpontzeko eta publikoki atzera egiteko eskatu genion. Ez zuten hori egin, eta oharra atera genuen guztia azalduz eta bigarren aldiz hankasartzea konpontzeko eskatuz.

  • Egunak aurrera EAJk jarreraz aldatzen ez zuela ikusita, asteazkenean  udaletxean aurrez aurre eskatzen diegu hirugarrenez hankasartzea konpontzeko. Adierazten diegu oso larria dela zinegotziari egiten ari direna, ez zegoen leku batean kokatuta. Hankasartzea ez konpontzeaz gain bigarren ohar bat atera zuten, beraien gezurrarekin aurrera egiten. 

Ez dugu ukatuko politikoki ardura gehiago espero genuela EAJ alderdiaren aldetik. Baina batez ere gizalege gehiago espero genuela gurekin udaletxean lanean ari diren EAJko zazpi zinegotzien aldetik. Beraien korporazio kide bati egiten ari zaizkionaz jabetzeko eta pertsonalki bada ere barkamena eskatzeko gaitasunik ez du erakutsi beraietako inork. Udaltzaingoaren bideo eta txostenaren, Ernaien bideoaren eta beraien korporazio kide baten hitzaren aurretik jarri dute beraien uste okerra, eta ez dira hanka sartzen ari ote ziren ere kuestionatzeko gai.

Hori horrela, zaila da gezurra horrela erabiltzeko gai den jendearekin elkarlanean aritzea, politika egiteko joku mediatikoan zentratzeaz aparte horretarako edozer gauza erabiltzeko gai direla erakutsi digute, gezur nabarmenak barne.

Guk gure lanean jarraituko dugu: legealdi plan bat daukagu betetzeko, eta hori da benetan axola diguna. Norbaitek hortik atera nahi bagaitu, jai dauka.