Zumaiako Udal Gobernuak bat egiten du ostiralean, uztailak 24, 20:00etan egingo den kontzentrazioarekin

2015/07/23

Azken aldian herriko hainbat adingabek jasan dituzten jazarpenenak salatzeko bihar, ostirala, egingo den kontzentrazioarekin bat egiten du Udal Gobernuak. Udaletik erasoa jasan duten adin txikikoei zein beren familia eta ingurukoei gure elkartasuna eta behar duten laguntza guztia eskaintzen dizkiegu. Azken hilabeteotako kasuak puntualak izan dira eta hartu beharreko neurriak hartuta daudela adierazi nahi diegu herritarrei. Zumaia herri lasai eta segurua da, eta horrela izan dadin segituko dugu lanean, hartu beharreko neurri guztiak hartuz. Jazarpen zein genero indarkeria kasuei modu egokienean eta koordinatuta erantzuteko Udalak sustatu eta hainbat eragilerekin elkarlanean osatutako protokoloa dugu indarrean. Eta azken kasu horietan ere protokoloan zehaztu bezala ematen ari dira pauso guztiak. Horretaz aparte, herriko ikastetxe guztietan LH eta DBH mailetako haur eta gaztetxoen artean ere hezkidetza programa dugu martxan, eta jazarpen zein eraso kasuak prebenitzeko lanketa berezia egiten da. Bukatzeko, herritar oro animatu nahi du Udalak ostiraleko kontzentrazioan parte hartzera.