Zumaiako Udala arrazakeria eta xenofobiaren kontra
Gaur, martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Zumaiako Udal Gobernuak ekintza xenofobo eta arrazista guztiak salatu nahi ditu. Zumaia herri plurala da; gure herritarren arteko kultura eta jatorri aniztasuna da gure aberastasunetako bat. Aniztasun hori gabe ez dugu ulertzen ez Zumaia eta ezta Euskal Herria ere. Egunez egun beste herri eta nazioetan jatorria duten euskal herritarrek gure herria eraikitzeko egiten duten eguneroko lana, ahalegina eta sakrifizioa aintzat hartzen ditugu. Hori dela eta, edozein herritar diskriminatzeko saiakerak edo eskubideak urratzeko edozein jarrera arrazistaren aurrean, beti izango da Zumaiako Udala; alde batetik, herritarrei babesa eta laguntza emateko, eta bestetik, erantzun eta salaketa irmoa egiteko.



