Zumaiako Udala aukeratua izan da Tokiko Iraunkortasun Plana egiteko
Eusko Jaurlaritzak Zumaiako Udala aukeratu du, EAEko beste hiru udalerrirekin batera, Tokiko Iraunkortasun Plana egiteko. Agenda 21 ekimenaren baitako plana da eta Zumaiko udalerriaren azterketa sakona egin eta horren araberako ekintza plana zehazteko balioko du.
Helburua da, tokiko politikek eragindako inpaktuak zuzendu eta hobetzea, eta ildo beretik, herriko garapen ekonomikoaren, sozialaren eta ingurunearen arteko oreka bilatzea, azken batean, garapen jasangarria bultzatzea.
Zumaiako Udalak 2006ko martxoan ekin zion Agenda 21eko ekintza plana burutzeko egitasmoari. Orduan onartu zen udalbatzan plan horren abiapuntua eta ekintzak zehaztu ziren. Hala, ekintza plan horrek ondorengo 4-6 urte bitarteetan exekutatuko ziren ekintzak zehaztuta utzi zituen.
Ekintza planaren ebaluaketa programa
2008an, ekintza plan horren ebaluaketa programari heldu zion Zumaiako
Udalak. 2007az geroztik ari da lanean Zumaiako Udalean Eli Larrañaga
ingurumen teknikaria eta azaldu duenez, “117 ekintza zehaztu ziren
Zumaian, horiek guztiak 13 udal eragiletan banatuta”. Hauek dira,
ekintza zehatz horien adibide batzuk: Oikian Babes Ofizialeko
Etxebizitzak adjudikatzeko irizpideak definitu eta adjudikatzea,
Zumaiatik Debarainoko labarrak eta marea arteko guneak biotopo babestu
bezala kalifikatua izateko kudeaketa egitea, Iriondon zubia eraikitzea,
herritarren interesa duten elementu historiko, etnografiko eta
artistikoak ezagutaraztea, oinezkoek erabili ahal izateko bideak
egitea…
Horrez gain, 2009 urterako zenbait ekintza ere zehaztuta dituztela
jakinarazi du Larrañaga teknikariak. Esate baterako, Torre Berriko
lanak, lurpeko aparkalekuak, Alondegiko exekuzioa, baserri bideak
garbitzea, oinezkoentzako mendiko ibilbideak garbitzea…
Orain, ebaluaketa programan “lan ona” egin duela aitortu zaio Zumaiako
Udalari eta Eusko Jaurlaritzak Tokiko Iraunkortasun Plana egiteko
aukeratu du.



