Zumaiako Udala ere MARTXOAK 8

2018/03/08

Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta Zumaiako Udalak, egunarekin bat eginez, herritar orori dei egiten die antolatutako ekintzetan parte hartzera, gizon ala emakume, GUZTION esku dagoelako berdintasunaren bidea eraikitzea.

EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk onartutako ADIERAZPENA

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto. Nosotras paramos” leloaren pean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira.

Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren. 

Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

 Egoera larri honetaz KEZKATUTA:

  • Zumaiako Udalak hitza ematen du:
    • Sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.
    • Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.
    • Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela.
    • Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.
    • Zumaiako Udalak bat egiten du mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak hainbat esparrutan deitutako greba deialdiarekin: lan esparruarena, ikasleena, zaintzarena eta kontsumoena
    • Zumaiako Udalak herriko emakumeak deitzen ditu greba deialdiarekin bat egitera eta herritarrak bere osotasunean deitzen ditu martxoaren 8rako Zumaiako Udalak Berdintasun Foroarekin batera deituriko ekitaldi eta ekintzetan parte har dezaten, modu aktiboan. Baita mugimendu feministak antolatutako egitarauan ere.