Zumaiako Udalak Arguedasen gertatutako hilketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak

2026/05/19

Hilketa salatu eta hildako emakumearen familiari eta gertukoei babesa adierazi nahi die Udalak. Horrekin batera, dei egiten die zumaiarrei bihar, asteazkena, 19:30ean Saregile plazan egingo den protestan parte hartzera.

Zumaiako Udalak gogor salatu nahi du atzo Arguedasen gertatutako erailketa sexista eta hildakoaren familia eta gertukoei elkartasun osoa adierazi nahi die.

Urte honetan indarkeria sexistaren ondorioz eraildako bosgarren emakumea da Euskal Herrian. Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea.

Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Zumaiako Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin eta herritar guztiei dei egiten die, bihar, asteazkena, maiatzak 20, 19:30ean Saregile plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

WhatsApp Image 2026-05-19 at 13.25.30.jpeg