Zumaiako Udalak azken hilketa matxista salatu eta mobilizazioekin bat egiten du

2019/11/07
Zumaiako Udalak erailketa matxista gogor salatu eta herritarrei gaur egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten die. 19:00etan izango da elkarretaratzea, Saregileen plazan (Alondegi parean).

Zumaiako Udalak gogor salatu nahi du larunbatean Baionan gertatutako erailketa matxista eta hildakoaren familia eta gertukoei elkartasun osoa adierazi nahi die.
Urte honetan, lau dira indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeak Euskal Herrian. Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea.
Beraz, Zumaiako Udalak bat egiten du Zumaiako Mugimendu Feministak erasoa salatzeko egindako deialdiarekin eta herritar guztiei dei egiten die gaur (azaroak 7), 19:00etan, Saregileen plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.