Zumaiako Udalak, Balendiñe kirol ekipamenduen inguruan egindako azterketa aurkeztu die gaur zumaiarrei

2019/02/28

Gaiak sortzen duen interesaren adierazgarri izan da gaurkoan udal pleno aretoan bildu den jendetza. Egunero 1.000 erabiltzaile izaten dituen kiroldegiak, 5.000 m2 ditu eta 10.000 m2ren beharra ikusten da, horretarako bi aukera planeatuz, dagoen lekuan handitzea eta futbol zelaia Puntanueta 2ra mugitzea edo ekipamendu guztiak Puntanueta 2n bateratzea.

Aste honetan iragarri bezala, Udalak bilera ireki bat egin du gaur kirol ekipamenduen inguruan egindako azterketa aurkezteko. Etorkizuneko ekipamendu horiei, Balendiñe izena eman diete, Balendiñe Albizuren omenez.  

Azken urteotan Zumaia handitzen joan den heinean eta zumaiarron ohiturak aldatzen joan ahala, gure herriko kirol instalakuntzak zaharkituta eta txiki geratzen ari zaizkigu. Zorionez, gero eta zumaiar gehiago animatzen dira kirola egitera eta eskari horri ahalik eta erantzunik egokiena ematea Zumaiako Udalaren ardura da. Egunero 1.000 erabiltzaile pasatzen dira kiroldegitik eta egun 5.000 m2 dituen kiroldegia, esan bezala txiki geratu zaigu.

Bestalde, Zumaiako Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorraren (HAPO) idazketa hasteko garaia ere heldu zaigu, aurtengo aurrekontuetan, hain zuzen ere, jaso da horretarako kontu-saila. HAPOak antolatuko du Zumaiak etorkizunera begira izango duen garapena eta bere idazketa prozesua ez da laburra izango, baina pixkanaka gure herriaren etorkizuna marrazten joateko erabakiak hartzen joan beharko dugu.

Marko horretan, Zumaiako Udalak, kirol instalazioen etorkizuna definitzeko aukera desberdinak aztertzea eskatu zion 2018an LKSri eta azterketa horren emaitzak izan dira, hain zuzen ere, udaletxean egindako bileran Oier Korta alkateak, Gotzon Enbil kiroletako zinegotziak eta Gorka Arregi udaleko arkitektoak, bertaratutakoei azaldu dizkietenak. Gai honek herritar guztiei eragingo dienez eta bereziki kirol elkarteei, Udalak herritarrak eta kirol elkarteei emaitzak horiek aurkeztea ezinbesteko ikusi du, izan ere, guztion artean aztertu eta erabaki beharko baitugu Zumaiaren etorkizuna.

Txostenak nagusiki bi irtenbide planteatzen ditu egungo instalazioak handitzeko. Esan bezala, kiroldegiak 5.000 m2 ditu eta egunean 1.000 erabiltzaile dituela ikusita eta beharrak aztertuta, 10.000 m2ko kiroldegia beharko luke Zumaiak.

A proposamenak, kiroldegia, futbol zelaia eta gainerako ekipamenduak Puntanueta 2ra eramatea planteatzen du eta bertan kirol instalazio guztiak bateratzea.

B proposamenak, aldiz, kiroldegia dagoen lekuan bertan handizta proposatzen du, futbol zelaiari zati bat hartuta eta, ondorioz, futbol zelaia Puntanueta 2ra eramatea aurreikusiz.

Bi kasuetan ere, instalazioetan egin beharreko inbertsioa etxebizitzen eraikuntzarekin lotuta joango litzateke eta horien eraikuntzak inbertsioaren zati handi bat estaliko luke.

Balendiñek mahai gainean jartzen dituen irtenbide hauek epe ertain edo luzera begirakoak dira eta oraindik urte batzuk beharko dira, bai Plan Orokorra garatzeko eta baita instalazioak eraikitzeko ere, baina pixkanaka gaia eztabaidatzen eta erabakiak hartzen joan beharra dago. Edozein kasutan, aukera hau epe ertain edo luzerakoa dela kontuan izanik, egungo instalazioetan inbertsioak egiten jarraitu behar du Udalak Oier Korta alkatearen ustez “gaur aurkeztu dugun hau, poliki poliki landu beharreko gai bat da eta etorkizunera begira gure herriak behar dituen ekipamenduak egin ahal izateko soluzio bat, baina horiek gauzatu bitartean, zumaiarrei zerbitzu egoki bat ematen jarraitu beharra daukagu eta egungo instalazioetan inbertsioak egiten jarraitzea beharrezkoa da” amaitu du.

Eskuragarri daude egindako bi txostena, Tinkok egindagoa eta LKSk egindakoa. Txostenak gaztelaniaz daude eta itzulpen lanetan gabiltza. Laster egongo dira elebitan eskuragarri. Barkatu eragozpenak.