Zumaiako Udalak elbarrituen txartelaren hainbat erabilera oker atzeman ditu eta horiek zuzentzeko eskaera luzatu du

2018/09/12

Arau hauste edo erabilera oker horiek benetan beharra duten pertsona elbarrituak kaltetzen dituela ohartarazi du eta horrenbestez, txartel horien jabeei erabilera zuzena egiteko eskatu die Udalak.

Azken hilabeteotan, Zumaiako Udalak herritarren hainbat abisu jaso ditu elbarrituen txartelaren inguruan, zenbait lagunek horiek modu desegokian erabiltzen dituztela ohartaraziz.

Hain zuzen benetako beharra duten pertsona elbarrituak edota horien ingurukoak izan dira nagusiki erabilera oker hori salatu dutenak, horiek direlako, gainera, arau hausteen kaltetu zuzenak.

Horri lotuta, Udalak txartel hori ezintasun jakin bat duten pertsonei soilik zuzendutakoa dela gogorarazi du, horien mugikortasun zein irisgarritasuna ahalbidetu zein errazteko eskainitako txartela, alegia. Horrenbestez, txartel hori pertsonala eta besterezina dela azpimarratu du eta gehitu du txartelaren titularra gidari edo bidaiari gisa dagoenean soilik erabil daitekeela.

Arau hausteak direla eta, udaltzaingoak hainbat txartel erretiratu behar izan ditu dagoeneko, horrenbestez, txartel horien jabeei zentzuz eta elkartasunez jokatzeko eskaera luzatu die Udalak, pertsona elbarritu ororen mesedetan, azken finean, arau hauste zein erabilera oker horiek benetan beharra duten pertsona horiek kaltetzen baititu.