Zumaiako Udalak eta Zumaiena ikastetxeak hitzarmena sinatu dute, Zumaienako instalazioen erabilera ahalbideratzeko

2020/12/04

Lau urteko iraupena izango du hitzarmenak, eta erabilera horren trukean ikastetxeak alokairuaren ordainketa jasoko du. Azaroko osoko bilkuran udal talde politiko guztiek ahobatez onartu zuten hitzarmena sinatzea.

Zumaiena ikastetxeak eta Zumaiako Udalak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Zumaiako elkarteentzat eta Udalaren bitartez etor litezkeen bestelako beharrentzat Zumaiena ikastetxearen kirol instalazioen erabilera ahalbideratzeko xedez. Iñaki Ostolaza alkateak eta Isaak Aranberri Zumaienako Zuzendari orokorrak sinatu dute hitzarmena.

Erabilera eskolaz kanpoko ordutegian eta egutegian (Gabonetako, Aste Santutako eta udako oporraldiak barne) izango da, baldin eta ikastetxeak antolatzen dituen proiektu eta programekin bateragarriak badira, eta beti ere, Zumaiena ikastetxeak izango du horren gaineko erabakia. Erabilera horren trukean ikastetxeak alokairuaren ordainketa jasoko du, instalazioen erabilerak sortutako gastuak ordaintzeko.

Lau urteko indarraldia edukiko du hitzarmenak, eta udal talde politiko guztien babesarekin sinatu da.