Zumaiako Udalak ez du errauskailurik finantzatuko

2012/06/05

Gipuzkoako 50 alkatek atzo jakinarazi zuten beren udalek ez dutela hondakinak erretzeko errauskailurik finantzatuko, tartean zen Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea.

 

Gipuzkoako hondakinen arazoari irtenbidea emate bidean, atzo, ekainak 4, Gipuzkoako 50 alkatek agerraldia egin zuten, tartean zen Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea. Agerraldian azaldu zutenez, beren udalek ez dute errauskailurik nahi, ez Gipuzkoan eta ez inon, eta ez dute finantzatuko horrelako azpiegiturarik. Garbi dute zaborra jasotzeko orain arteko sistemarekin ezin dela segitu, eta birzikla daitekeen dena birziklatzen saiatuko dira. Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko Zero Zabor politikak bultzatu eta hondakinak biltzeko atez ateko sistemaren alde egingo dute, sistema hori delako eraginkorrena.