Zumaiako Udalak gaur egin du herriko gremioekin agintaldiko azken bilera

2019/03/04

Udal gobernuak agintaldi hasieran hartutako konpromiso honek, herriko ekonomian laguntzea du helburu eta harrera ona izan du Zumaiako gremioen aldetik. Gaur egin den bilerak, informazioa luzatzea, gremioek egiten duten balorazioa entzutea eta zerrenda eguneratzea izan du helburu eta bertan balorazio positiboa egin dute hauek, esaterako, aparkalekuen arautzearen inguruan.

Udal gobernuak agintaldi hasieran, herriko ekonomian laguntzeko helburuarekin, herriko gremioekin lan egiteko konpromisoa hartu zuen eta elkarlan horretan, agintaldiko azken bilera egin du gaur Udalak. Bilera horrek helburu izan du, batetik, Zumaiako Udalarentzako lanak eta obrak egiteko prest dauden gremioen zerrenda eguneratzea (elektrizistak, arotzak, igeltseroak, etab….) eta, bestetik, horiei informazioa helaraztea eta elkarlan honen inguruan egiten duten balorazioa entzutea.

Gremio ugari hurbildu dira gaur 8:00etan udaletxean egin den bilera horretara, batzuk lehendik ere etorritakoak, baina baita berriak ere. Udal gobernuak, balorazio positiboa egiten duela adierazi die, agintaldi hasieran herriko enpresa txikiekin lan egiteko eta lanak banatzeko konpromisoa hartu izanaren inguruan, betiere, kudeaketa arduratsua eginez eta aurrekontu bat baino gehiago eskatuz. Aurrera begira, egungo udal gobernuak bide horri eusteko asmoa azaldu die.

Kontratazio lege berriaren inguruko informazioa ere helarazi zaie gaurkoan, izan ere, lege berriarekin aldaketak izango baitira, besteak beste, gehienezko zenbatekoetan. Gremioek ere hartu dute hitza bileran eta balorazio positiboa egin dute, esaterako, aparkalekuen erregulazioaren inguruan, izan ere, uda sasoian lan egitea erraztu baitie eta sistema hobetzen jarraitzeko ere egin dituzte hainbat ekarpen. Udalak, ekarpen horiek aztertzeko konpromisoa hartu du.