Zumaiako Udalak gezurtatu egiten ditu lapurretei buruzko zurrumurruak, eta esames zein aurreiritziei ateak ixteko dei egiten die herritarrei

2024/07/25

Herritarrei dei egiten die esames horiek ez zabaltzeko, segurtasun ezaren sentsazio faltsua baino ez dutelako sortzen, aurreiritzi bidegabeak betikotzearekin batera. Hiru udal taldeek adostutako oharra da honakoa.

Sare sozialetan zurrumurru alarmistak zabaldu dira azken egunotan Zumaian, herriko etxebizitzetan ustez izandako lapurreta-olde bat dela-eta. Horrekin batera, herrikide baten argazkia zabaldu da han eta hemen. Zumaiako Udalak argitu nahi du informazio horiek funtsik gabekoak direla, eta, argazkiaren hedapena espekulazio eta estereotipo arrazista eta xenofoboetan oinarritzen dela salatzen du. Zentzu horretan, argazkian atera duten herritarrari babesa adierazi nahi dio Zumaiako Udalak.

Horiek horrela, Udalak herritarrei eskatzen die sare sozialetan (Instagramen, Whatsapp bidez...) zabaldutako bulo edo esames horiek ez zabaltzeko eta halako mezuen haria eteteko. Izan ere, halako mezuek segurtasunik ezaren sentsazio faltsua sortu, eta, aurreiritzi bidegabe eta kaltegarriak betikotzen laguntzen dute. Ez da alarma horiek justifikatzen dituen gertakaririk izan; azken bi hilabeteotan bi lapurreta egon dira Zumaian, denbora-tarte eta herriko txoko desberdinetan. Herrian zabaldutako mezuetan neurrigabe handitu da arazoaren dimentsioa, eta Udalak jakinarazi nahi du gertatutako bi kasu horietan udaltzaingoak zein Ertzaintzak eskuhartu duela.

Udalak dei bat egiten dio komunitateari sare sozialetan irakurritakoak tentuz hartzeko, eta herritarrak estigmatizatu ditzakeen zein beharrezkoa ez den alarma egoera sortzen duen edukia partekatzea saihesteko. Jarrera horiek funtsezkoak dira gure komunitatearen kohesioari eta Zumaiaren ezaugarri den elkartasunari eusteko.