Zumaiako Udalak herritarren iritzia jaso nahi du V. Berdintasunerako Plana osatzeko

2026/11/16

Zumaiako Udala Berdintasunerako V. Plana prestatzen ari da, herriko errealitateari eta herritarren beharrei erantzuteko. Horretarako, herritarren kezkak, bizipenak eta proposamenak jasotzeko saio ireki bat antolatu du azaroaren 19rako.

Zumaiako Udala herritarrekin lanketa kolektiboa egiten ari da herrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dauden arazo eta beharrak aztertzeko, eta, horretarako, azaroaren 19an, 18:00etan, Emakumeon Etxean* egingo den saio irekian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Saioaren helburua Zumaiako eguneroko bizitzan, eremu desberdinetan, emakumeek bizi dituzten errealitateak ezagutzea eta horien inguruan hausnartzea da. Herritarren ekarpenak eta bizipenak entzunda, herrian berdintasunaren arloan dauden erronkak eta beharrak identifikatu nahi dira.

Saioa Berdintasunerako V. Plana osatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Udalak herritarren iritziak eta proposamenak bildu nahi ditu, planak Zumaiako errealitateari erantzun diezaion eta herritarren beharretatik abiatuta eraiki dadin. Horrenbestez, zumaiar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera eta beren ikuspegia, kezkak eta proposamenak partekatzera.